Azpeitia
Azken txanpara iritsi dira 43. Euskal Antzerki Topaketak'Adarbakarra', 'Kaka' eta 'Burugabeak' lanak taularatuko dira ostegunetik igandera bitartean
Eli Aizpuru
Azpeitia.
Asteazkena, 19 azaroa 2025, 20:11
Euskal Antzerki Topaketak azken txanpan sartu dira. Igandean, azaroaren 23an, taularatuko da azken lana Soreasun. Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabalak 'Kaka', Korrikaren II Sorkuntza bekaren bitartez ondutako lana antzeztuko dute, 19:00etan. Horrez gain, solasaldi bat ere izango da, antzezlanak lantzen dituen ildo nagusiak ezagutzeko. Udal Euskaltegiko ikasleei zuzenduko zaie solasaldia gaur bertan, ostegunez.
Igandea iritsi baino lehen, ordea, izango dute non gozatua antzerkizaleek. Gaur, osteguna ,azaroak 20, 19:00etan, Dinamoa Sormen Gunean, 'Adarbakarra' Infinitu Dramaren lana aurkeztuko da. Ikuskizunak 'Zuloa' izeneko bailara misteriotsuan kokatzen du istorioa. Soinujole eta poeta-ikerlari batek Adarbakarra berpiztuko du publikoaren aurrean ager dadin. Izaki mitologiko globalizatu eta bertsionatuenetako honek zer esan dezake gaur egungo gizarteaz?
Umorea, musika, poesia bisuala eta fantasia uztartzen dituen proposamen honek euskalduntasuna, fedea, justizia eta jatorria bezalako kontzeptuak begirada kuri-feminista batetik astintzen ditu, elementu klasiko eta garaikideak modu berezian nahastuz.
Hurrengo egunean, azaroaren 21ean, 19:00etan, Soreasu antzokian, Eromen Elkarteak 'Burugabeak' aurkeztuko du, hiru istorio surrealista eta komiko batzen dituen antzezlana.'Highlanderra' atalean, sei emakume txabola bateko bakardadean harrapatuta daude, inoiz iritsiko ez den gizon idealaren zain. 'Senza un perché' istorioan, beren kontraesanetan kateatuta dauden pertsonaiek azken bidaia bitxi eta arriskutsu bati egingo diote aurre. Kapitain misteriotsu batekplanak hankaz gora jarriko du.
Azkenik, 'Burugabeak' kapituluan, publikoaren irain bat argitu beharko dute pertsonaiek epaiketa absurdo batean, erruduna nor den jakiteko.
Sari banaketa, igandean
Antzerki Topaketak amaitzearekin batera, 43. edizio honetako sari banaketa egingo da Soreasun. Igandean jakingo da zein izango den publikoak aukeratutako eta topaketa osoan zehar boto gehien jaso dituen obra. 19:00etan egingo da sari banaketa eta ondoren 'Kaka' antzezlana ikusi ahal izango dute Soreasura gerturatzen direnek, teloia datorren urtera arte jaitsi baino lehen.