Borrar
Aitor Exposito guardasol artean eta kioskoaren aurrean, hainbat trikitilari pasa den lekuan. Hala ere, aterkiak, argazkirako bakarrik! E. A.
Azpeitia

Aitor Exposito Ibarmia: «Formekin jokatu dut karroza egiteko»

Hirugarrenez egin du San Sebastian Eguneko karroza. Trikitia izan du gaitzak eta «oso zabala den arren» gustura geratu da emaitzarekin. Zapatuan jakingo da sekretua

Osteguna, 18 urtarrila 2024, 16:23

Comenta

Badu zerbait berezia sansebastianetako karrozak Aitor Expositoretzat. Hirugarrenez egin du aurten Azpeitian urtarrilaren 20an atera ohi den karroza. 2020an izan zen estrainekoa. Orduan baserritarrei eskainitakoa izan zen; iaz, Antzerki Topaketen 50. urteurrena gogoratu zuen eta aurten Trikitia gaitzat hartuta landu behar izan du zapatu eguerdian ezagutuko den lanak.

«Oso gai zabala» da eta horrek gauzak «zaildu» dizkiola aitortudu Expositok. Hala ere, gustura da go emaitzarekin. Azaroan hasi zen ideiari bueltaka. Amsterdanen bizi da duela hiru urtetik eta han eta hemen ibili da sansebastianetako karrozaren sorrera prozesuan. Gabonetako oporrak aprobetxatu ditu horretarako. Hala ere, behin ideia eta planoak zehaztuta «Eiten-eko arotzek eta amak (Amaia Ibarmia), asko lagundu didate. Amak arropekin-eta beti botatzen dit esku bat eta arotzei dagokionez, zer esanik ez, oso onak dira eta lana asko errazten dute», esan du.

Arkitektoa da lanbidez Aitor eta horrek asko laguntzen dio karrozaren diseinua-eta prestatzeko. Hala ere, ez du uste arkitektoa izan behar denik halakorik egiteko eta herritarrak animatzen ditu karrozaren lehiaketara aurkeztera.

Egun handiaren atarian, lasai dago azpeitiarra. Zerura begira, hori bai. Ez luke nahi aterkiekin eta karrozan joango diren haurrek plastikoekin estalita joaterik. Aterkiak, argazkirako bakarrik! Momentuz, eguraldi ona, eguzkitsua eta hotza, iragarrita dago. «Albiste ona da hori, ateri eginez gero, beste modu batera gozatzen da festaz».

-Trikitia da aurtengo karrozako gaia. Zer nolako gaia iruditu zaizu lantzerako orduan?

-Oso gai zabala da eta horrek zaildu egiten du zerbait konkretatzea. Aldi berean, ordea, jokoa emateko modukoa iruditu zait. Historiarekin hasi nintzen, trikitiaren sorrera mendian izan zen eta instrumentua kalera ekartzea kostatu zen. Horrekin jokatu dut eta formekin.

-Jakina da herrian ondoen gordetako sekretua dela karrozarena baina zerbait aurreratu dezakezu?

-Ez asko. Karmelo Etxegarai Ikastolako haurrak joango dira karrozan, kalejiran bazindoazen bezala. Gainerakoan, formekin jokatu dut karroza bera egiterakoan, eta trikitia izango da. Ezin dut askoz gehiago aurreratu. Pistak emanda ere, egia da, bakoitzak bere irudia egiten duela eta zaila da benetan nik egin dudanarekin bat egitea baina egunean bertan ikusiko da.

-Kezkatzen zaitu behin karroza ikusitakoan herritarrek zer esango duten?

-Beti ematen du bere kezka baina ez dut uste jendea niregana etorriko denik zerbait txarra esatera. Gainera, behin festak pasatutakoan, ni Amsterdanera bueltatuko naiz eta piska bat atzean lagako dut hau dena. Amak esan ohi dit, hori bai, hau edo bestea esan didate eta halakok honakoa komentatu dit. Orokorrean, ez da gauza txarrik esateko izaten eta hitz onak jaso izan ditut normalean.

-Zer da zailena prozesu horretan?

-Hasierako ideia finkatzea. Emandako gaia Azpeitiarekin lotu behar duzu eta kasu honetan, trikitia, ez du Azpeitiarekin lotura zuzena, iazkoak izan zitekeen bezala, orrokorragoa da.

-Merezi al du lan honek guztiak?

-Bai, herriarentzat egiten dudan zerbait da eta merezi du. Urtero esaten dut azkena izango dela eta ez dudala lan hau berriro hartuko baina gero beti daukat ilusio hori.

-Lan ederra dela diozu baina lehiaketara ez da jende asko aurkeztu...

-Egia da. Horrek asko harritzen nau. Jendea ez da prestatzen lehiaketara aurkeztera. Oso eginbehar polita da. Ideia bat sortu eta gero hori borobiltzeko inguruan jende asko izan ohi da eta urtero arotzek asko laguntzen dute. Eiten-ekoak dira hontaz gehien dakitenak eta prozesua ere oso polita. Gainera, ez dago nire kasuan bezala arkitektoa izan beharrik halakoak egiteko eta jendea animatuko nuke aurkeztera.

-San sebastianak ere gustuko dituzu, karrozatik aparte, festaz gozatzeko aukerarik izango al duzu?

-Bai, Danborradan aterako naiz, Inpernue elkarteko kideekin eta festaz ere gozatuko dut gero, zapatuan haurren danborradan ere han izango naiz, karroza ateratzen denean.

Hamar talde izango dira haurren danbor festan

Ostegun honetan egin dute azken entsegua herriko txikiek. Danborrak prest dituzte jada zapatuan, kalera ateratzeko. Hamar talde dira guztira haurren danborradan parte hartuko dutenak. Herriko 500dik gora haurrek, neska eta mutil, ikasiak dituzte jada sansebastianetako doinuak eta irrikaz daude egun handian desfilatzeko. Gastadoreen atzetik Karmelo Etxegarai Ikastolako napoleoi gorriak zabalduko dute bidea; Iraurgi Ikastetxeko Zumakalarregi taldea joango da gero; eta ondoren izango dira, Gipuzkoako Tertzioen taldea (Azpeitiko Ikastola Ikasberri), mikeleteak (Iraurgi), napoleoi urdinak (Karmelo Etxegarai), Juan Antxieta Musika Eskolako taldea; Karmelo Etxegarai Ikastolako Gipuzkoako tertzioen taldea; Itsasikoak, Iraurgiko ezpatadunak eta Ikasberri Ikastolako sukaldariak.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Aitor Exposito Ibarmia: «Formekin jokatu dut karroza egiteko»

Aitor Exposito Ibarmia: «Formekin jokatu dut karroza egiteko»