Azkoitia
'Zientzia Kalean' erakusketa hartuko du Azkoitiak, eguneroko zientzia jendarteratzekoS. U.
AZKOITIA.
Asteazkena, 12 azaroa 2025, 20:47
«Nola harrotzen da ogia? Zer dago barra kodeen atzean? Nola funtzionatzen du sukaldeko plaka batek?» Egunerokotasunaren parte diren kontu hauei eta beste batzuei erantzuteko iritsiko da 'Zientzia Kalean' erakusketa Azkoitira, zientziaren ezagutza jendartean zabalduz.
Formatu handiko 11 infografia dira erakutsiko direnak, euskaraz eginak, eta azaroaren 18tik 28ra ikusi ahal izango dira eliz aurreko plazan. Azkoitiko Udalak eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatu dute ekimena. Ilustrazioetan egunero kontsumitzen edo erabiltzen diren produktuetan dagoen zientzia erakusten da. Beste batzuen artean, esate baterako, telefono mugikorren, barra kodeen, autoen, txertoen edo sukaldeko plaken funtzionamendua azaltzen da.
Oso ohikoak diren beste elementu eta jakiei buruzko informazio zientifikoa ere aurkituko dute erakusketara hurbiltzen direnek, hala nola ogia, jogurta, iturriko ura, garagardoa, zuhaitzen hostoak eta frutari buruzkoa. Panel bakoitzean dagoen QR kodeari esker infografia guztiak deskargatu daitezke, euskaraz zein erdaraz.
Kalean egingo den erakusketatik harago doa proiektua, eta herriko ikastetxeak eta dendariak ere tartean izango dira. Horrela, 'Herrixen' Azkoitiko Dendarien Elkartearekin elkarlanean, infografia berberak poster formatuan ipiniko dira dendetan. Establezimendu bakoitzak bere produktuekin edo sektorearekin zerikusia duen poster bat jarriko du egun horietan.
Azkoitiko ikastetxeek euren hezkuntza jardueran sartuko dute erakusketa. Ikasleek parte hartuko dute infografietan oinarritutako galdetegi bati erantzunez. Eta herriko Udalak tablet bat zozketatuko du galdera guztiei zuzen erantzuten dietenen artean. Zientzia Kalean EHU-ren Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoaren egitasmoa da.