Azkoitia
UEMAko udalerrietan euskara lehenesteko konpromisoa berretsi dute finantza erakundeekAzkoitiko kasuan, hitzarmena Laboral Kutxa eta Kutxabankekin sinatu da
El Diario Vasco
Azkoitia.
Asteartea, 25 azaroa 2025, 20:51
Finantza alorrean euskararen erabilera areagotzeko hitzarmena sinatu eta aurkeztu zuen pasa den astean UEMAk, Kutxabank-ek, Laboral Kutxak eta Bankoa ABANCAk, 59 udalerri euskaldunetako alkateekin eta ordezkariekin batera.
Azkoititik, Euskara zinegotzi Marijose Arregik hartu zuen parte Tolosan izan zen aurkezpenean. Hizkuntza irizpideak adostu dituzte UEMArekin, eta udalerri euskaldunetan dituzten bulegoetan euskara lehenetsiko dute hiru finantza erakundeek. Azkoitiko kasuan, hitzarmena Laboral Kutxa eta Kutxabankekin sinatu da.
Hitzartutako puntuen artean, ondorengoak azpimarra daitezke: Udalen eta finantza entitatearen arteko harremanak, ahoz zein idatziz, euskaraz izango dira. Hori bermatzeko baliabideak jarriko dituzte bi aldeek; finantza entitateen kasuan, udalerrietako bulegoetan ez ezik, baita gainerako ataletan ere.
Finantza entitateak, hitzarmena sinatu duten udalerrietan dauzkan bulegoetan, euskararen presentzia bermatuko du herritarrekiko harremanetan. Helburu hori betetzeko asmoz, besteak beste, langileek euskaraz egingo diote lehen hitza bezeroari, eta eskaintzen dituzten zerbitzuetan eta beren produktuetan euskara lehenetsiko dute.
Era berean, bulegoko langileek gai izango dira edozein lan mota euskaraz egiteko eta bere erabilera lehenetsiko dute bezeroengana jotzeko orduan. Gainera, trebakuntza eskainiko die entitateak, eta baliabide informatikoak prestatuko ditu. Era berean, langileen arteko harremanetan euskararen erabilera areagotzeko ahalegina egingo du entitateak, lankideen hizkuntza ohituretan bereziki eraginez. Horretarako, euskararen erabilera sustatzeko antolatzen diren ekimenetan parte hartzea sustatuko du entitateak.
Banka elektronikoari dagokionez, euskara lehenesteko neurriak hartuko ditu finantza entitateak banka elektronikoarekin lotutako eremuetan, webgunean zein aplikazioetan. Udalek hitzarmen honen edukiaren berri emango diete herritarrei. Udal langileei ere jakinaraziko diete, finantza entitatearekin harremanak euskaraz izan ditzaten.
Hitzarmen honek lau urteko iraunaldia izango du eta eraginkorra izan dadin, jarraipen batzorde bat osatuko dute finantza entitateko eta UEMAko ordezkariek. Urtean behin gutxienez bilduko da, eta haren egitekoa izango da ezarritako irizpideen jarraipena egitea. Nolanahi ere, epea amaitu aurretik, edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez erabaki ahal izango dute hitzarmena luzatzea, gehienez beste lau urterako, edo hitzarmena azkentzea.
Hitzarmenaren informazio guztia: https://azkoitia.eus/berriak/13084-euskara-lehenesteko-konpromisoa-finantza-erakundek.