Txekor errea eta sagardoa Azkoitiko Herri Jaian
Hamabi orduz burduntzian erre ondoren, txekorra dastatzeko aukera izan zuten herritarrek, sagardo freskoz lagunduta
Ekaineko lehen igandea hitzordu garrantzitsua izaten da Azkoitian, eta igande honetan herritarrek ez dute hutsik egin. Urtero legez, txekor erreaz, sagardoaz eta giro onaz gozatzeko aukera izan dute. «Horrelako egunak beharrezkoak dira herria bizirik mantentzeko», zioen azkoitiar batek edalontzia eta pintxoa eskuetan hartuta.
Tokiko baserritarrak eta ekoizleak dira egun honetako protagonistak baserri munduari gorazarre egin nahi dion jardunaldian. Zortzi baserritarrek hartu dute parte atzokoan. Azkoitiko Ipintza, Zumeta, Santa Kutz eta Zabaleta baserriek jarri dituzte postuak euren produktuekin. Bidelagun izan dituzte inguruko herrietatik gerturatutako Etxearreta, Berastegi, Lizagasar eta Santa Klara.
Goizean goiz prestatu dituzte euren produktuak Zumeta baserriko Arantxa Ulaziak eta Irati Amianok. Hala ere, «jendea eguerdi aldera arrimatu da plazara. Lehen orduan edo azkenekoan du ohitura jendeak erosketak egiteko. Azkeneko momentuan etorri ohi dira», zioen Arantxak.



Erosketak eginda edo egin gabe, ikusmira polita izan zuten gerturatu zirenek: loreak, ogia, baratzeko produktuak eta bestelakoak izan baitzituzten aukeran.
Etxera bueltatu baino lehen, hori bai, sagardo tragoa –Aburuza, Añota, Lizagasar edo Ekain– egitea nahitaezkoa zen. Eta tragoarekin batera txekor erreaz gozatzeko tartea ere izan dute.
Karlos Ibarrondo (Elorrio) arduratu da txekorra erretzeaz, Ikurriñaren plazan. 12 ordutan erre du 48 erraldeko txekorra eta gutxi gora behera «1.200 pintxo» aterako zirela bertatik aurreratu zuen. «Iraetatik ekarritako Eusko Label txekorra» zela esan zuen Ibarrondok.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.