Haur eta Nerabeen Foroa sortu da hauen ahotsa «entzuna» izan dadin
Haur eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko eguna da ostegun honetan eta Tratu On egitasmoaren baitan, Haur eta Nerabeen Foroa osatu da
Haur eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Eguna da ostegun honetan, azaroak 20. Horren harira, Azkoitiko Udalean elkartu ziren atzo eratu berri den Haur eta Nerabeen Foroko ... hainbat partaide. Herriko lau ikastetxetako LH5. mailatik DBH2ra arteko ikasleek osatzen dute foroa: Xabier Munibe Ikastolak, Floreaga Salestar Ikastetxeak, Bizilore Eskola Aktiboak eta Azkoitia BHIk.
Hauek ere badutela zerbait esateko aldarrikatu zuten, eta udaleko arduradunen esanetan, «bide berri bat» ireki nahi diete Azkoitiko haur eta nerabeei, herritar gisa ekarpenak egin ditzaten eta herriaren eraikuntza zein garapen aktiboan «subjektu aktiboak» izan daitezen.
Bide horretan, bertaratutako hainbat kidek hartu zuten hitza euren aldarrikapenak helarazteko. Hasteko, oreganoa erabili zuten sinbolo gisa: oreganoa antibiotiko naturala da, entzumenaren osasunarekin lotutakoa. Hori dela eta, haur eta nerabeek oreganoa landatzera animatzen dute, zaintza sustatzeko eta helduen aldetik entzunak izan daitezen. Oregano landarea oparitu zioten alkateari.
Era berean, «gure eskubideak ezagutzen eta errespetatzen dituen mundu batean bizi nahi dugu» aldarrikatu zuten, «entzunak izateko eskubidea, izena eta nazionalitatea izateko eskubidea, eta eskolara joatekoa» ahaztu gabe.
Horrez gain, beren iritzia «entzun, baloratu, bete eta errespetatzea» eskatu zuten. «Ez dugu nahi errespetu faltarik, barre egiterik, gure partez hitz egiterik, familia arteko eztabaida edo arazorik, ez eta mespretxurik jasaterik».
Guztion artean elkar errespetatu eta entzutea, maitatzea da nahi dutena, eta herriko heldu guztiei eskatu zieten entzuteko eta euren eskaerak betetzen saiatuko direla bermatzeko, horretarako euren lankidetza eskaintzen dutela nabarmenduz.
Ana Azkoitia alkateak konpromiso horrekin bat egin zuen, eta udalak prebentzio eta babes politikak sustatzen jarraituko duela adierazi zuen. «Aipatu duzue entzutea, maitatzea, elkar errespetatzea edo bakarrik ez geratzea nahi duzuela. Balore guztietan bat egiten dugu; hor ez dago adinik. Eskubideez ari gara, eta eskubideen kontuetan ez daukagu atzera egiterik. Gizarte osoak daukagu hor ardura: haur, gazte eta helduok», erantzun zien.
Tratu On eta Babeserako Plana
Duela bi urte, udaleko alderdi politiko guztiek, aho batez, Azkoitia «tratu on eta babesaren herria» izateko konpromisoa hartu zuten, eta Tratu On programa jarri zen martxan. Ordutik trebakuntza eta sentsibilizazio saioak egin dira. Iaz, Azkoitiko erradiografia landu zen ikastetxeetan egindako galdetegien bidez, eta Tratu Oneko politiken kudeaketarako mahaia ere osatu zen. Hala, Tratu On eta Babeserako Udal Plana lantzen hasi ziren.
Aurten, mahaia egituratzen eta osatzen aritu dira, Sonia Vazquez Gaztedia zinegotziak azaldu zuenez. Udal plana datorren urte hasieran aurkeztuko dela ere aurreratu zuen.
Mahaia ikastetxeek, udaleko gizarte zerbitzuek, Kirol, Berdintasun eta Gazteria sailek, zerbitzu psikosozialek, Udaltzaingoak eta Osakidetzak osatzen dute. Horregatik, Tratu On programa «zeharkakotasunetik» lantzen dela nabarmendu zuen Vazquezek.
¿Tienes una suscripción? Inicia sesión