Azkoitia
Belamendi probazaleen idiek irabazi dute aurtengo Andremari Idi Dema SariaBigarren postua Billabasorentzat izan zen eta hirugarrena Elorrietarentzat
Belamendiren idiek irabazi dute Azkoitiko Probazale Elkarteak antolatutako XV. Andremari Idi Dema Saria. Saria astelehen eta astearte gauetan jokatu zen, Azkoitiko probalekuan, Gurean, eta sei probazalek hartu zuten parte: Igeldo (Ezkio), Elorreta (Laukiz), Zumeltxu (Zamudio), I.Lopategi (Birle), Billabaso (Maruri), eta Belamendi (Errezil). Parte-hartzaileek 1.800 gramoko Diva harria erabili behar izan zuten.
Astelehen gauean jokatu zuten proba lehen hiru parte hartzaileek, eta Elorrietaren idien lana izan zen onena 36 plaza eta 2,48 metro osatuz, 49,5 kiloko gainkargarekin. Unai Elorrietak eta Iñaki Urrutiak egin zituzten itzain lanak, eta Jon Elgezabal izan zen erlojeroa.
Lehen jardunaliko bigarren postua Zumetxuren idiek lortu zuten; 32 plaza osatuz 3 kiloko gainkargarekin. Ander Tubilla eta Iñaki Urrutia aritu ziren itzain lanetan eta J.Antonio Sistiaga erlojero bezala. Hirugarren egin zuten Igeldoren Idiek, 28 plaza, lau zinta eta 2,19 metrorekin. Idiek 9 kiloko gainkarga eraman behar izan zuten. Eta kasu honetan, Galder Bolañok eta Asier Zubillagak egin zituzten itzain lanak eta J.M. Etxeberriak, berriz, erlojero lanak.
Hurrengo egunean, Belamendiren idiek bigarren jardunaldiko eta txapelketako markarik onena egin zuten, 38 plaza osatuz, 67,5 kiloko gainkargarekin. Axier Alegria eta Iñaki Urrutia aritu ziren itzain eta Jon Erkiaga erlojero.
Gaueko bigarrenak Billabasoren idiak izan ziren, irabazlea baino plaza bat gutxiagorekin, 37 plaza, eta 105 kiloko gainkargarekin. Idi hauekin Ander Tubilla eta Iñaki Urrutia aritu ziren itzain, J. Antonio Sistiagak jardun zuen erlojero lanetan. Hirugarrenak izan ziren I.Lopategiren idiak 29 plazarekin. 43,5 kiloko gainkarga eraman behar izan zuten. Eta kasu honetan, Axier Alegria eta Jagoba Tubilla aritu ziren itzain eta Iñaki Lopategi erlojero.
Bi jardunaldietako emaitzekin XV. Andremari Idi Dema Sariaren sailkapena honela geratu zen: 1. Belamendi, 2. Billabaso, 3. Elorrieta, 4. Zumeltxu, 5. Lopategi eta 6. Igeldo.