Borrar
Herriko plaza beteta, San Andres egunean. Udala

Azkoitia

Azkoitiko Udalak azaroko egitaraua aurkeztu du

San Andres egun handiaren aurretik ere bada zertaz gozatu, eta hitzordu nagusietako bat hilaren 22ko danborrada izango da

Sara Utrera

Azkoitia

Astelehena, 10 azaroa 2025, 20:36

Comenta

Azaroa ekitaldiz beteta dator azkoitiarren gozamenerako. San Andres egun handiaren aurretik ere bada zertaz gozatu, eta hitzordu nagusietako bat hilaren 22ko danborrada izango da. Asteburu honetatik aurrera eta datozen jai egunetan Azkoitian ekintza ezberdinez gozatu ahal izango da guztion gusturako. Udala azaroko egitaraua etxez-etxe banatzen hasi da dagoeneko.

Larunbat honetan, hilaren 15ean, musikaren eta musikarien zaindari Santa Zezilia egunaren harira, Musika Bandak kontzertua eskainiko du Kontzejupen 12:15ean eta gauean, Añube eta Trini Fox izango dira Herriko plazako agertokian.

Azaroaren 22an, arratsaldean, San Andres Igeriketa Saria emango du Zubiaurre Igeriketa Elkarteak, eta herri lasterketa ere izango da Raka Maraton Kirol Elkartearen eskutik. Gauean, berriz, danborren eta barriken txanda izango da. Danborrada jabetuko da herriko kaleez, eta 13 konpainia eta 500 lagunetik gora izango dira.

Danborradaren ibilbidea ohikoa izango da: 22:00etan irtengo da Aingeru kaletik Herriko plazarantz eta bertan lehenengo geldialdia egingo dute danbor-joleek. Ondoren, Balda plazara joango dira, Plazaberritik barrena. Balda plazan parte-hartzaileek bigarren geldialdia egingo dute, eta jarraian Julio Urkixo kalera joango dira, berriro Plazaberri zeharkatu eta Herriko plazara iristeko.

Hurrengo egunean, igandean, goizean zehar, Herriko plazan baserrietan ekoiztutako bertako produktuen erakusketa eta salmenta egingo da. Eta baserriko produktuen postuekin batera, Kontzejupen bolillo lanen erakusketa egongo da.

Musikak eta dantzak ere izango dute beren tartea. Bizkargi Musika eta Dantza Eskolak eta Txalkor Txistulari Taldeak San Andres kalejira eskainiko dute 11:00etatik aurrera, eta Goiko Losan, Bat Bitan taldearen eskutik, Plaza-Dantzak izango dira Arkaitz Allur eta Maddalen Arzallusekin 12:30etik aurrera.

Hilaren 29an San Andres Xake Txapelketa ospatuko da Elkargunean, eta kaleak girotzeko ardura dultzaineroek izango dute. Arratsaldean, DJ Muni eta DJ Garai arituko dira Holz Und Blechen eskutik Azoka Plazan, eta kaleetan, berriz, Joselontxos Txaranga ibiliko da.

Egitaraua San Andres egunak borobilduko du. Taloa eta txistorra izango dira gozagarri plazan, eta musika bazterretan. Dultzaineroak, txistulariak eta trikitilariak kalez kale ibiliko dira. Bestalde, Txuri Urdin Elkarteak urteroko pintura lehiaketa egingo du. Herri kirolek, pilota partidek eta erromeriak osatuko dute eguneko egitaraua. Programa ikusteko: https://azkoitia.eus/images/SAN_ANDRES_GIROAN_esku-orria.pdf.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Azkoitiko Udalak azaroko egitaraua aurkeztu du

Azkoitiko Udalak azaroko egitaraua aurkeztu du