Areto futbolaren aitzakian, festa egun borobila Beltzen Egunean
Hasbulla Team berriro nagusitu zen Tta-kun AFE Zaleen Txapelketako finalean Exitos 2000 taldeari 6-3 irabazi ostean eta egun osoko festa izan zuten gero
Eli Aizpuru
Azkoitia
Astelehena, 17 uztaila 2023, 19:37
Kirola eta festa uztartu zituzten pasa den zapatuan Azkoitian. Tta-kun AFE Zaleen Txapelketari amaiera emateko finalak jokatu zituzten estreinako Elkargunean eta ondoren, festa egunari tartea emanez, beltzez jantzi zituzten zaletuek Azkoitiako kaleak. Beltzen Eguna beste behin arrakastatsua izan zen.
Duela aste batzuk hasi zen txapelketa eta zapatuan, azken egunean, Hasbulla taldea aise nagusitu zen finalean. Aurrez aurre izan zituzten Exitos 2000 taldeko kideak eta iazko irabazleek berriro altxatu zuten kopa aurkariei 6-3 irabazi ostean.
Aurrez afizioaren finala jokatu zen. Zaleek beraiek aukeratu zituzten euren botoekin partida hori jokatu zuten bi taldeak eta aukeratuak Magic Team eta Inter Mitente taldeak izan ziren, Lehia gogorraren ostean, Magic Teamek eskuratu zuen tituloa 6-4 irabaziz.
Arrakastatsua izan da aurtengo txapelketa. Izan ere iazko partaidetza bikoiztu dute. 32 taldek hartu dute parte txapelketan.
Ez zen ez areto futbol partidekin amaitu eguna. Tta-kunek egun osoko festa antolatu zuen eta harmailetatik kalera eraman zuten protagonistek giro ona.
Finalak bukatu ondoren, taldeko jokalariek eta zaletuek triki-bertsopoteoa egin zuten, Naia Arrizabalaga eta Jon Gurrutxaga bertsolariekin. Ondoren, 250 bat lagun bildu ziren Berdura plazan, bazkaltzeko. Bazkalostean eta jai giroarekin kalean jarraitu baino lehen eguneko sariak banatu zituzten: aurrez aipatutako, Hasbulla Team txapelduenz gainera eta Éxitos 2000ko txapeldunorearekin batera saritu zituzten gol onena, Sunahi Subinarena; afizioaren jokalari gustokoena (mutila), Ekaitz Astigarraga 'Topillo'; afizioaren jokalari gustokoena (neska), Elene Aldalur; entrenatzaile onena, Aritz Albizuri; afizioaren taldea, Magic Team; atezain onena (neska), Ane Errazu; atezain onena (mutila), Ander Etxaniz; gol gehien (mutila), Eneko Espinako; gol gehien (neska), Enara Arozena; MVP (mutila), Jon Manuel Vega; MVP (neska), June Díaz; ospakizun onenaren saria, Jon Zubizarreta, 'Bolante'.
Arropa beltzak soinean, Beltzen Egunari ohore eginez, elektrotxorongo txarangarekin zeharkatu zituzten kaleak. Dudarik gabe, Azkoitian koloreek festara dei egiten dute: Gorrixen Eguna, Pilotari Eguna (gorriz eta urdinez), Beltzen Eguna...