Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldiak izango dira gaur egun osoan
Herriko eragile taldea batek antolatu du egun hau eta Udalak ere idatzi bat onartu zuen Euskararen Egunaren inguruan
JOSU ARANBERRI
Miércoles, 3 de diciembre 2014, 00:09
Gaur ospatzen da euskararen eguna. Orain dela ia 65 urte hasi zen euskararen eguna ospatzen, 1949an hain zuzen. Garai hartako Espainiako egoera politikoak eraginda, Ipar Euskal Herriko hiru probintzietan eta Ameriketako hainbat lekutan egin zen. Urte mordoxka bat pasatu da eta gaur egun euskararen eguna normalizatuago dago.
Herrian ere hainbat ekintza antolatu ditu herriko eragile talde batek Udalarekin elkarlanean eta egun osoko egitaraua prestatu dute. 11:00etatik 12:30etara Udarregi ikastolako eta Aginagako Eskolako ikasleak plazan elkartuko dira . Bestalde, Udarregiko talde bat Zubietara joango da bertako Eskolakoekin jaia ospatzera. Kalejiraz gain, euskaraokea eta mezu jaurtiketa egingo dituzte.
Arratsaldean, haurrentzako hizkuntza jolasak izango dira 16:30etik 18:30era eta ordu horretan kalejira hasiko da dema plaza inguruan. 19:30erako kalejiran ibiltzeko aukera izango da eta amaieran gaztaina erreak jateko aukera izango da. Euskararen Eguna dela eta antolatu diren ekimenei amaiera emateko ekitaldia izango da frontoian.
Udalak ere, gaur ospatuko den Euskararen Eguneko adierazpena onartu zuen pasa den asteko plenoan. Udalak herritarrak zoriondu eta euskara sustatzeko konpromisoa berretsi nahi izan du. Besteak beste, hizkuntzaren ikuspegitik gure udalerria berezia dela adierazten da:
«Gurean, beste hainbat tokitan ez bezala, nagusi da euskara. Belaunaldiz belaunaldi transmititutako hizkuntza, naturalki erabiltzen dugu eguneroko bizitza.
Usurbil herri euskalduna da, eta hori herritarrek bermatu duten lorpen bat izan da. Usurbilen, euskaraz bizitzea lehenetsi dugu eta euskararen bizitasuna mantendu dugu. Usurbilen babes sozial zabala dauka euskarak. Oraindik, ordea, badira osotasunez euskaraz bizitzea eragozten diguten hainbat hutsune (lan munduan, administrazioan...). Eta hutsune horiek gainditzeko lan egin nahi dugu».
«Euskal Herria euskalduna dugu helburu» dio Udalak adostutako testuak, «eta norabide horretan, Usurbildik euskarari ekarpen garrantzitsua egin dezakegu. Udalerri euskaldunetako herritarrok euskararen normalizazioan euskararen hedatzaile papera jokatu behar dugu. Horrela, euskararen arnasguneak zabaldu eta hedatzeko».
«Usurbilgo herritarrek bezala, bertako udalak ere euskararen aldeko hautua egina du. Lan handia egin dugu udala euskalduntzeko, eta UEMAko udalekin batera, erreferentziazko udala bilakatu gara euskararen erabilerari dagokionean.
Gurea bezalako herrien, udalerri euskaldunen, eginkizuna garran- tzi handikoa da euskararen normalkuntza prozesuan. Euskarara nagusi den gutxieneko lurralde hori ezinbestekoa da edozein hizkun-tza aurrera ateratzeko. Euskara biziko bada, nagusi izango den lurgunea behar du.
Edozein hizkuntzak nagusi den esparruak behar ditu. Arnasgune horietan, bilatu beharko du biziberritu nahi den hizkuntzak heldulekua; bai belaunaldiz belaunaldiko trasmisioari, bai hizkuntzaren funtzio komunikatiboari, bai hizkuntzaren balio erreferentzialari dagokionez. Euskararen arnasgune horiek zaindu, sortu eta, hala balitz hedatu ezean, alferrik izango da, seguruenera, gainerako ahalegin oro.
UEMA eta bertako kide garen udalok euskararen arnasguneak sendotu eta zabaltzeko lanean dihardugu. Izan ere, administrazioaren ardura ere bada gune hauek zaindu eta atzera egin ez dezaten politikak martxan jartzea. Iruditzen zaigu gure herriak badaukala profila euskararen normalizazioan eredu izateko».