Hernani
Idoia Torregarairen mikroipuinak sortzeko tailer batekin hasiko da gaur Hitz AndanaEl Diario Vasco
hernani.
Astelehena, 22 iraila 2025, 20:22
Hitz Andana, hitzaren inguruko jaialdia, gaur hasiko da udalerrian. Hernaniko Udal Liburutegiak antolatzen duen jaialdiak disziplina artistiko ezberdinei egingo die toki aurten ere, beti ere hitza ardatz hartuta.
Batetik, Idoia Torregarai idazle eta umoregileak mikroipuinak sortzeko tailerra eskainiko du. 16 urtetik gorakoentzat izango da eta tokiak mugatuak direnez, aldez aurretik izena eman beharko izan da. Gaur arratsaldeko 18:00etan izango da Liburutegian.
Castillo Suarez poetaren 'Alaska' liburutik abiatuta sortutako izen bereko ikuskizun poetikoa ikusteko aukera ere izango da bihar. Hitza, musika eta argiak uztartzen dituen emanaldian Suarezek berak, Juantxo Zeberiok eta Xabi Lozanok parte hartzen dute. 'Ura gara bidean' ikuskizunak, aldiz, Sakabi, Gelatxo eta Elgeta trikitilarien ibilbidea ekarriko du gogora ostegunean. Horretarako, oholtza gainean batuko dira Oinkari dantza taldea, Iñaki Letamendia perkusionista, Andoitz Antzizar trikilaria eta Izaro Markotegi abeslaria.
Hitz Andana bukatzeko, Dobera Euskara Elkarteak antolatutako Hazoka, V. Liburu eta disko azoka izango da. Hazoka Doinuele, euskara hutsezko azoken sareko kide da. Ekitaldi guztiak doan izango dira.