Hernani
Gau Beltzaren jaia ostiralean ospatuko da Hernanin Dobera Euskara Elkartearen eskutikEl Diario Vasco
Hernani.
Asteartea, 28 urria 2025, 20:05
Kalabazak hustu, kandelak piztu, iluntasuna bizi!. Gau Beltza urriaren 31ren bueltan ospatzen da Euskal Herrian eta Hernanin ere, ohitura zaharrak berreskuratuz, jaia berrasmatzen ari dira Dobera Euskara Elkartetik. Izan ere, Halloween festak hartu duen indarra ikusita, «gurea izan den festaren aldarrikapena egin nahi dugu».
Aurreko urteetan landatutako haziari jarraipena emanez, aurten ere Gau Beltza ospatzeko egitaraua osatu dute. Aurtengoan bi berritasun dituzte. Lehenengoan kalabaza misteriotsuaren bila berreskuratu dute. Gehienez 10 talde arituko dira jolasean. Hori horrela, jolastu nahi izanez gero, lehenbailehen izen ematea gomendatzen dute. Epea bihar, urriak 30, amaituko da.
Ostiralean 17:00etan hasiko dira. Atsegindegin hasiko dute jolasa eta gero erdigunean zehar arituko dira. Erdigunean zehar egongo diren pistak jarraituz gero, Hernaniko txoko ezberdinak gehiago ezagutzeaz gain, kalabaza misteriotsua bilatzea izango da jolasaren helburua. Jolasean adin guztietako herritarrek hartu dezakete parte: Lagun taldeak, familiak... Taldeak 4 eta 10 kide bitartekoak izan beharko dira. Eta 12 urtetik beherakoak, gutxienez adin nagusikoa den kide batekin aritu beharko dute uneoro. Guztira, herriko erdigunean zehar kokatuta egongo diren 10 pista jarraitu beharko dira. Kokaleku guztietan Gau Beltzarako mozorrotutako lagun misteriotsu bat egongo da eta parte-hartzaileek hurrengo pista jaso ahal izateko, bertara gerturatu eta esandako froga gainditu beharko dute.
Gero hilerrira kalejira ospatuko da arratsadeko 19:00etan. Aurtengo kalejira gaztain jatearekin bukatuko dute Gudarien plazan. Beti bezala, kalejira herrikoia izango da eta antzerkia egongo da.