Astigarragak gogoz ospatu zuen atzo Euskararen Nazioarteko Eguna
Egun berezia izan zen atzokoa herrian antolatu ziren ikuskizun, jolas eta saioekin, guztiak hizkuntzaren alde
MARÍA CORTÉS
Jueves, 4 de diciembre 2014, 00:07
Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu zen atzo herrian eta ez edozein modutan. Ikastola eta AEK euskaltegiaren eskutik, 'Euskara zure eskura' ikuskizuna antolatu zen Kiroldegian. Ondoren, oraingo honetan guraso elkartearen eta Xaguxar aisialdi taldeko kideekin, haurrentzako jolasak, marrazkiak eta txokolate-jatea prestatu zen ikastolan.
Gainera, Mundarro elkarteak ziklo indoorreko saioetan euskal musika jarri zuen, Musika Eskolan 'Aitorren hizkuntz zaharra' abestiaren inguruko ariketak egin zituzten eta herriko taberna parte hartzaileek egunean zehar euskal musika jarri zuten. Eta Udalak 'Euskaraz bizi nahi dugu' dioen pankarta koloretsua jarri eta datorren asteazkenera arte edukiko du udaletxearen aurrealdean.
Bihar
Euskararen Egunaren inguruko programazioarekin jarraitzeko, bihar 18:30ean, 'Peter Pan' zine mutua piano-inprobisaketarekin (azpitituluak euskaraz). Musika Eskolan antolatu da eta piano-jolea Juantxo Fernández de Ortega izango da.