Irun
'Zure abenturaren bila' Hego Amerikara bidaiatuko du Beñat Aizpuruaren eskutikM. A. I.
irun.
Asteazkena, 3 abendua 2025, 20:29
Gaur osteguna, abenduak 4, 'Zure abenturaren bila' programaren barruko beste saio bat egingo da. Oraingo honetan Beñat Aizpurua Vázquezek 'Bizikleta bidai bat' izeneko abentura aurkeztuko du. Hitzordua 19:30ean izango da, Amaia Kultur Zentroko hitzaldi aretoan, eta sarrera doakoa izango da. Saioa euskaraz egingo da.
Gonbidatuak Hego Amerikan barrena bizikletaz egindako bidaia aurkeztuko du, abentura eta desbentura guztiekin. Beñat Aizpuruak azaltzen duenez, «beti egin izan dut bizikletan bidaiatzearekin amets, bai bizikletan bidaiatu aurretik eta baita ondoren ere. Inongo sekreturik ez duen errutina sinple eta eder honek erabat asebetetzen nau; bizikleta, jan eta lo, mantra perfektua», azpimarratzen du. Hego Ameriketara egin zuen bidai hori Buenos Airesen hasi, Andeak gurutzatu eta Txile zeharkatu zuen Patagoniako lur basatietan barneratuz. «Hamaika bizipen eta milaka kilometroren ondoren, Ushuaian eman nituen kontinente honetako azken pedalkadak».
Gaurko saioak 60 minutu iraungo du, gutxi gorabehera, gonbidatuaren hitzaldia barne.