Irun
XIX. mendeko tokiko bertsolaritza ikerketatik liburura pasatu daUdal Euskara arloaren José Antonio Loidi Bekak eman zuen Aitor Errazkin eta Joxan Elosegiren lana argitaratu berri du Alberdania argitaletxeak
M. A. I.
Irun.
Osteguna, 8 ekaina 2023, 21:42
Udaletxeko Euskara arloak 'Bertsoak eta Bertsolariak Irunen XIX. mendean', 2020ko edizioari dagokion Jose Antonio Loidi Ikerketa Beka irabazi duen lanaren argitalpena ezagutzera eman zuen atzo. Joxan Elosegi eta Aitor Errazkin, lana burutu zuten Irungo ikerlariek; Miren Echeveste, euskarako jarduneko ordezkariak, eta Jorge Gimenez, Alberdania argitaletxeko editoreak, aurkeztu zuten liburua.
Gimenezek adierazi zuenez, Alberdania argitaletxeak argitaratu du liburua eta dagoeneko eskuragarri dago Irungo eta Hondarribiko liburu-dendatan. Guztira 200 ale argitaratu dira paperean. Halaber, 'ebook' bertsioan eskuratu ahal izango da.
Irungo eta Bidasoa ibaiaren bokaleko herrietako XIX. mendeko bertso ondarea aurkezten du 'Bertsoak eta bertsolariak Irunen XIX. mendean' izeneko lan honek. Bi egiteko nagusi izan dira ikerketa honen oinarrian: bertso-sorta eta testigantzen bilketa, batetik, eta haien aurkezpena eta interpretazioa, bestetik.
Datu jakingarri asko eskaintzen du lan honek bertsoei, haien egileei eta kantatu edo moldatu ziren uneko gorabeherei buruz. Irun izan da ikerlanaren abiapuntua eta, egileak irundarrak izaki, Irungo ikuspegitik aurkeztua dela esan liteke; hala ere, Hendaian eta Hondarribian bildutako testigantzen berri ere eman dute, ongi jakinik ezin dela haiek gabe bertako ondarearen berri eman. XIX. mendeko testigan-tzak ez ezik, XVIII. mende bukaerako batzuk ere bildumaratu dituzte; izan ere, XIX. mendea ikerlanaren denbora esparrutzat hartu den arren, garai haren bezperako lekukotasunak ere gogoan hartu nahi izan dituzte autoreek.
Ohi kanpoko ikuspegia dakar bilduma lan honek Euskal Herriko bertso ondarearen gaineko ikerketa mundura, eskualde txiki bateko bertsogintzak XIX. mendean eskaini zituen lanen berri ematen duen aldetik. Bestalde, ezinbestekoa dute ikerlan hau, bertako bertsoez gainera, Irun eta Hondarribiko mintzairaren berezitasunak ezagutu nahi dituzten guztiek.
Datorren asteazkenean, ekainak 14, 19:00etan, Joxan Elosegi eta Aitor Errazkin ikerlari irundarren 'Bertsoak eta bertsolariak Irunen XIX. mendean' izeneko liburua aurkezteko ekitaldia egingo da Irungo CBA Udal liburutegiko Jose Antonio Loidi aretoan.