Fermin Muguruza eta Galder Izagirrerekin solasaldia asteazkenean Kultur Etxean
'Euskara oholtzatik at' saioa Manu Goioganak bideratuko du bertso galderen bitartez
I.A.
Igandea, 3 otsaila 2019
Datorren asteazkenean solasaldi berezia antolatu du Blagan euskara elkarteak. Arratsaldeko 19.00etan Kultur Etxean 'Euskara oholtzatik at' gaiari buruz arituko dira Fermin Muguruza eta Galder Izagirre.
Manu Goiaganak bertso galderen bitartez gidatuko du saio hau, non batetik Kortatu, Negu Gorriak eta bakarko ibilbidea egin duen Muguruza izango den eta bestetik, Dut eta Berri Txarrak taldeetan aritutatko Izagirre. Elkarlanean ere topatu zuten biek, Muguruzak Dut taldearekin egin zuen bira hartan.
Blagan euskara elkarteak adierazi duenez, «'Kantatzen duen herri bat ez da inoiz hilko' eta 'euskalduna bazara hitz egidazu euskaraz' bezalako abestien backstage-an euskararen egungo egoera zein den jakiteko asmoz elkartu ditugu Manu, Fermin eta Galder. Euskararen presentzia mikrofono aurrean bermatu xamar ikusten dugunok, oholtzapeko egoera soziolinguistaren inguruan sakondu nahiko genuke, hori baita euskararen sukalde, motor edota errealiatearen islada. Zein da musikarien, antolatzaileen, musikazaleen... hizkuntz-joera teloia jaisten denean? Ba al dauka musikak jendartearen hizkuntzaren erabileran eragiteko gaitasunik?».
Hori dena eta sortu daiteken beste gairen batzuei buruz hitzegingo dute aipatutako protagonistek asteazkenean.