III. Euskaraldia abian da Irunen ere
Azaroan egingo den ekimenari babesa adierazi diote udal taldeek eta hiriko zenbait entitateek, haien artean Real Unión kluba
Hilabete batzuk falta dira, baina Euskaraldia bezalako zeharkako ekitaldi batek lan handia behar du aurretik ezarritako erronkak lortzeko. Ariketa sozialaren hirugarren edizioa azaroaren 18tik abenduaren 2ra ospatuko da baina motorrak dagoeneko martxan daude, baita Irunen ere: udal talde guztiek babesa adierazi diote ekimenari.
Miren Echeveste Euskara ordezkariak gogorarazi zuenez, Euskaraldia «euskara ulertzen duten hiztunen artean ahozko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala da». Aurtengo hirugarren edizioan ere, «gizarte esparru guztietara zabalduko da», eta bi helburu nagusi izango ditu: «alde batetik, parte hartzen duten pertsonek eta erakundeek euskararen erabilera zabaltzeko urrats berriak ematea; eta bestetik parte hartzea areagotzea. Ahobizi eta belarriprest gehiago nahi ditugu». Horiek izango dira aurten ere partaideen bi profilak: euskara menperatzen dutenek, ahobiziak, eta ikasten ari direnak, belarriprestak. Parte hartu nahi duten guztiek irailetik aurrera eman dezakete izena.
Helburu nagusi hauetaz gain, Irungo Euskaraldiako batzordeak beste helburu finkatu ditu aurtengo edizioan: belarripresten, gizonezkoen eta gazteenen parte-hartzea handiagoa izatea, hain zuzen ere. Baita ere, aurten «arigune gehiago» izan nahi ditu Euskaraldiak. Helburu hau lortzeko ezinbestekoa da «entitateen laguntza», azpimarratu zuen Echevestek. Parte hartu nahi dutenek dagoeneko izena eman dezakete.
Erabilera areagotu
Real Unioneko presidenteak, Igor Emeryk, jakitera eman zuenez, klub txuribeltzak entitate gisa parte hartuko du Euskaraldia 2022an. Emeryk azaldu zuenez «klubean ariguneak osatuko ditugu euskara ulertzen duten pertsona-taldeekin eta herritarrei zerbitzua euskaraz eskaintzen dieten klubeko kideekin. Helburu nagusia, beraz, erakundearen kideen arteko harremanetan euskararen erabilera areagotzea izango da». Emeryk Irungo erakundeak eta herritarrak gonbidatu zituen aurten ariketa sozialean parte hartzera, eta «euskararen erabilera egunerokoan edo jardueran areagotzeko urrats esanguratsu bat ematea eskatu nahi dut». Zuzentzen duen klubak emango duen pausoa jarri zuen adibidetzat: «Real Unionek euskararen erabileraren eta sustapenaren garrantzia txertatuko du bere funtsezko oinarrietan».
Hemendik aurrera, Euskaraldia «presente izango da» Irungo kaleetan: honen lehenengo adibidea ostiralean ikusi ahal izan zen, Klaun taldeak San Juan plazan eskaini zuen kale animazioarekin.