Borrar
Beñat Muguruza,Josu Iguiñiz eta David Izaga, Kale Nagusian. X. L G.

Irun

Beñat Muguruzak irabazi du Jose Antonio Loidi bekaren 17. edizioa

Hizkuntzalariak hemeroteka, datuak eta lekukotasunak baliatuko ditu XX. mende hasierako egoera soziolinguistikoa osatzeko

Asteartea, 8 uztaila 2025, 20:41

Comenta

'Irungo euskararen historia soziala XX. mende hasieran (1900-1936)' lanarekin irabazi du Beñat Muguruza Aseguinolazak Jose Antonio Loidi bekaren 17. edizioa. Irundarrak 9.000 euroko dirulaguntza jasoko du proposatutako ikerketa hamabi hilabeteetan burutzeko.

Ingeles Filologia ikasi ostean, Muguruzak hizkuntza jabekuntzako masterra egin eta 2014an doktorego tesia defendatu zuen hezkuntza eleaniztasunaren arloan. Pariseko Sorbona Unibertsitatean euskara irakurle ez ezik, Mondragon eta Euskal Herriko Unibertsitateetan irakasle eta ikertzaile lanetan aritutakoa da irundarra.

Loidi bekari esker, Irungo XX. mende hasierako egoera soziolinguistikoa aztertzeko aukera izango du Muguruzak. Besteak beste, garai horretan hirian euskarak eta gaztelaniak zein toki zuten ikertu, euskara zenbatek eta zein jende-klasek ezagutzen zuten arakatu edo landagunearen eta hirigunearen arteko balizko arrakala soziolinguistikoa aztertzeko asmoa du.

Beñat Muguruza Loidi bekaren irabazlea«Jende nagusia elkarrizketatu nahi dugu, 85 urtetik gorakoak eta guraso irundarrak dituenak» Josu Iguiñiz Euskara saileko ordezkaria«Adinaren alderdia erabakigarria izan da lan bat edo bestea saritzerako orduan, Beñaten lanak lehentasuna izan du»

Oraindik guztiz argi ez duen arren, hizkuntzalariak hilabete horietan egindako lana liburuki batean islatzeko ideia aipatu zuen atzo Euskara saileko egoitzan emandako prentsaurrekoan. Bertan izan ziren ere Euskara saileko ordezkaria, Josu Iguiñiz, eta euskarako teknikaria den David Izaga.

Besteak beste, 1900 eta 1936 urteen arteko denbora-tartea aukeratu izanaren arrazoiak eman zituen Muguruzak. «Irakurri dudanarengatik, XIX. mende bukaeratik hasita, Irunen transformazio ekonomiko eta soziologiko handia gertatu zela ematen du. Erdalduntze garai garrantzitsu bat izan daiteke XX. mendearen hasiera», azaldu zuen.

Halaber, garai horren hurbiltasuna aipatu zuen Muguruzak hura hautatzerako garaian: «Saiatuko gara oraindik bizirik dagoen jendearen bidez orduko lekukotasunak biltzen. Ez nago ziur bide horretatik gai izango ote garen gerra aurreko garaietara iristeko; badakidana da hemendik urte gutxira ezinezkoa izango dela». Hain zuzen, alderdi hori «erabakigarria» izan dela azpimarratu zuen Iguiñizek haren lana saritzerakoan.

Lau informazio iturri

Ikerketan zehar, Itzulpengintza eta Interpretazioa Gradua ikasten ari den eta haren lehengusina den Uxue Muguruzaren laguntza izango du hizkuntzalariak. Funtsean, lau informazio-iturri desberdin erabiliko dituztela azaldu zuen irundarrak. Hasteko, EAEko eta Nafarroako estatistika erakundeetako datuak lortu nahi dituzte, Irunen jaiotako biztanleek zein ama-hizkuntza zuten jakiteko. Era berean, garaiko egunkari guztiak arakatu eta literaturaren azterketa egingo dute, gaur egungo eta garai hartako ikertzaileek «zer esaten zuten ikusteko».

Azkenik, garai hartako lekukotasunak biltzeko asmoa azaldu zuen Muguruzak. Batetik, ahotsa.eus egitasmoan bilduta dauden 40 inguru irundarren testigantzak aztertuko dituzte, eta bestetik, haiek ere elkarrizketak egiteko asmoa aipatu zuen. «Jende nagusia elkarrizketatu nahi dugu, 85 urtetik gorakoak eta guraso irundarrak dituenak», adierazi zuen.

Jende gehiagora iristeko helburuarekin, Muguruzak herritarrei parte hartzeko eskaria zabaldu zien. Bere testigantza ematera animatu nahi duen orok benat.muguruza@ehu.eus helbidera idatziz egin dezake.

«Lehia estua»

Euskara saileko ordezkariak azaldu zuenez, Jose Antonio Loidi bekaren helburua euskarazko ikerketak suspertu eta bultzatzea da, antropologia, literatura, hidrologia edo botanika gisako esparruetan.

Muguruzak aurkeztutako lanarekin batera lehian ibili den proposamenari «aipamen berezia» egin zion Iguiñizek; hots, 'Euskal Ikonografiaren artisautza Irunen: alderdi oroigarrien bilduma eta euskal nortasuna' lanari.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Beñat Muguruzak irabazi du Jose Antonio Loidi bekaren 17. edizioa

Beñat Muguruzak irabazi du Jose Antonio Loidi bekaren 17. edizioa