Irun
Atxagak eta Muguruzak 'Paradisua eta katuak' eramango dute OiassoraLiteratura eta musika uztartzen dituen emanaldia ostiralean izango da eta gonbidapenak museoan eskuratu daitezke
'Paradisua eta katuak' emanaldia mundu osoan zehar bidaiatu du 2011. urtean aurkeztu zenetik. Euskal Herriko hainbat herritatik New Yorkera, Bartzelona edo Madriletik igarota, Jabier Muguruza eta Bernardo Atxagaren irakurketa poetiko hau oraindik ez zen ikusi Irunen, baina azkeneak iritsi da unea: ostiral honetan, hilak 21, 19:00etan Oiasso Museoak hartuko du poesia eta musika uztartzen dituen emanaldia.
Bertan izango dira Asteasuko idazlea eta musikari irundarra. «Ilusio handiz joango gara», azpimarratzen du azken honek: «aukera polita izango da Irunen, azkenean, 'Paradisua eta katuak' ikusi ahal izateko». Muguruzak gogorarazten duenez, «Atxagak eta biok garai batean aritu ginen errezitaldi hau ematen, baina Irunen ez genuen eman».
Umorez jositako emanaldia
Oraingoan, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira Euskara Udal arloak antolatuta duen programak ikuskizun hau berreskuratzen du irundarrengana hurbiltzeko. «Kontzertu edo horrelako emanaldi bat etxean eskaintzea beti da berezia. Gainera, beti izan dut lotura bat Oiasso Museoarekin, inplikazio bat», azaltzen du musikariak. Horretaz gain, «urteak izan dira Euskal Herrian emanaldi hau eman gabe», naiz eta Valentzian edo Jaenen eskaini dute «duela bizpahiru urte. Berezia izango da».
Bernardo Atxagaren testuak eta Jabier Muguruzaren musika uztartzen dituen emanaldi hau kontaera gisa definitu izan da, ipuinak, poemak, pasarte komikoak eta gogoetak barne hartzen dituena. «Paradisua oso gai serioa dirudi, baina umore pila bat dago Atxagaren testuan». Zenbait pertsonaiek, «batzuk xelebre samarrak», hainbat ikuspegi plazaratzen dute paradisuari buruz: «non demontre ote dago, existitzen al da...?». Atxagaren testuak ardatz direla, «pieza ba-tzuk tartekatzen dira, neriak, akordeoiarekin. Abestu ere egiten ditut nere errepertorioko kantu pare bat», azaltzen du Jabier Muguruzak.
'Paradisua eta katuak' errezitaldira joateko gonbidapenak doan eska daitezke Oiasso Museoan, bertara gerturatuz irekiera ordutegian, gaur asteazkena eta bihar osteguna goizeko 10:00etatik 14:00etara, eta ostiralean goizez ere edo baita arratsaldez, 16:00etatik aurrera.