Hondarribia
Zabalik da Maddalen Arte Guneko 2026ko komisarioa hautatzeko prozesuaBakarka zein taldeka aurkezteko aukera dago, abenduaren 1a arte, eta orain arte espazioan Naiara Goikoetxea dago lanean
2026an Maddalen Arte Guneko erakusketa-programarako komisarioa hautatzeko deialdia ireki du Udalak eta eskaerak abenduaren 1a baino lehen aurkeztu beharko dira, hondarribia.eus web orrian edota BAZen.
Eskaera orria, curriculum vitaea eta proiektuaren dosierra aurkeztu beharko dira eta arte bisualetan adituak diren pertsonek osatutako epai-mahaiak baloratuko ditu proposamenak, hiru irizpide nagusiren arabera: kalitate artistikoa, bideragarritasuna eta originaltasuna.
Deialdi hau tokiko komisarioei zuzenduta dago, eta bakarka zein taldeka aurkezteko aukera izango da. Taldeek ordezkari bat izendatu beharko dute, eta komisarioek ezin izango dute parte hartu erakusketetan artista gisa.
Hautatutako pertsonak edo taldeak lau erakusketa antolatuko ditu –hiru kolektibo eta bakarkako bat–, eta 'Hondarribia Sormen Hiria' bekaren bi artista onuradunen bakarkako erakusketetan aholkueta gainbegiratze-lanak egingo ditu.
Ortzi Alonso kultur zinegotziak adierazi duenez, «Maddalen Arte Gunea etengabeko sormenaren eta tokiko talentuaren erakusleiho bihurtu nahi dugu. Horregatik, urtero kudeatzaile-programatzaile berriak hautatzeak freskotasuna eta ikuspegi berriak ematen dizkio proiektuari, eta aukera paregabea eskaintzen die gure inguruko komisarioei eta sortzaileei. Horrek gure hiriaren kultur eskaintza dinamikoago eta aberatsago bihurtzen du».
'470 nanometro' proiektua
Joan den astean Naiara Goikoetxeak '470 nm' proiektuarekin sorkuntza-egonaldia abiatuko zuen eta bertan egongo da lanean azaroa eta abenduan.
'470 nanometro' Udalaren 'Hondarribia Sormen Hiria' programaren baitan hautatuetako bat da eta egonaldi horretan proiektuaren prozesu ezberdinak ikusteko aukera izango da.
Goikoetxeak itsasoarekin dugun harremanaren inguruko gogoeta bisual eta emozionala proposatzen du, itsas argiaren tonu urdin bereizgarria definitzen duen 470 nanometroko uhin-luzeran oinarrituta. Proposamen horretan, pintura espazio sentsorial bihurtzen da, non kolorea, materia eta emozio intimoa eta kolektiboa uztartzen baitdira.
Artistak formatu handiko hiru obra sortuko ditu, azken hilabeteetan bildu dituen material bisualekin eta aurreko zirriborroekin. Azaroa zein abenduan, Maddalen arte espazioa publikoarentzat zabalik egongo da goizez (09:00etatik 13:00etara gutxi gorabehera), sortze-prozesua bertatik bertara ezagutzeko aukera eskainiz.
Egonaldiaren emaitzak abenduaren 12an, 19:00etan, aurkeztuko dira Maddalen espazioan eta erakusketa abenduaren 12, 13, 19 eta 20an bisitatu ahal izango da, goizez eta arratsaldez .