Hondarribia
Euskal Jaien ehungarren urteurrena ospatuko dute datozen asteetanAnton Abadiaren inguruan antzezlan bat, Hendaiako gaztelura bisita gidatua eta hitzaldi bat egingo dituzte
1925ean Euskal Jaiak egin ziren Hondarribian eta 100. urteurrena ospatzeko egitarau zabala prestatu du Udalak abenduaren 17ra bitartera.
Euskal Jaien sorrera 1851 urtean kokatzen da, Urruñan, Anton Abadiaren ekimenez. Hasieran pilota izan zen festaren ardatz nagusia, eta 1853tik aurrera olerki lehiaketa ospetsua gehitu zitzaion, lore-joko bihurtuz. Hondarribian, Lore Jokoak lehen aldiz 1883an ospatu ziren, eta Lehen Mundu Gerra bukatu ostean, 1925ean, dagoeneko Euskal Jaiak izenpean antolatu ziren.
-
AZAROA
-
12tik abenduak 10 arte 'Basterretxea Hondarribian' erakusketa, Arma Plazan.
-
Larunbata 22 Bertso-afaria, Itsaslur elkartean, Unai eta Eñaut Agirre eta Aitor Mendiluzerekin, 25 euro.
-
Ostirala 28. 'Anton Abadia Dublinetik Hendaiara' antzezlana, auditorioan, hiru euro.
-
Larunbata 29. Abadia gaztelura bisita-gidatua. 9 15ean irtengo da autobusa Sabin Arana kaleko geltokitik. Hiru euro.
-
Larunbata 29 Bertso-bazkaria Ballestanea jatetxean, Miren Artetxe eta Maddi Ane Txoperenarekin, 35 euro.
-
Larunbata 29 Euskal Herriko VII. Aurresku Txapelketa, auditorioan.
-
ABENDUA
-
Asteazkena 3 Euskararen kriseilua eta herriko eskolekin kantaldia. Petti, Lorea Zulaika eta Stoldak, Et incarnatus Orkestrarekin batera, auditorioan.
-
Astelehena 8 'Karmele' filma, auditorioan.
-
Larunbata 13 Euskal Azoka, auditorioan.
-
Larunbata 13 Herri Olinpiadetako euskara proba.
-
Larunbata 13 'Euskal Jaiak. Iragana eta etorkizuna' mahai ingurua, Koldo Ortega, Harkaitz Cano eta Antxoka Agirrerekin.
-
Igandea 14 Bordari-Satarka Literatur Lehiaketaren 40. urteurrenaren ospakizuna eta 2025eko sariak banatzeko ekitaldia, Kultur Etxean.
-
Igandea 14. Kantujira Bentazaharreko Mutiko Alaiak, eguerdian. Itsu koplak.
-
Asteazkena 17 Iñigo Muguruzaren zorion festa kontzertua, auditorioan, bost euro.
Ortzi Alonso Kultura zinegotziak azaldu duenez, «aurten ehun urte betetzen dira Euskal Jaiak Hondarribian ospatu zirela eta gogoratu nahi dugu, 1975ean eta 2000 urtean gogoratu zen bezela. Egitaraua hiru sailetatik antolatu dugu, Euskara, Kultura eta Gazteria/Hezkuntza, beste sail eta elkarteren laguntzarekin. Eta kartelaren egilea, Ane Gómez Landa da, jaiotzez donostiarra baina Hondarribian bizi dena».
Bere sailetik antolatutako ekimenen artean bi azpimarratu nahi izan ditu Alonsok: «Hurrrengo astetik aurrera eta abenduak 10 arte 'Basterretxea Hondarribian' erakusketa aberatsa izango dugu Arma Plazan. Euskal Jaien logoa 1975ean diseinatu zuen eta herriko jaietako kartelen bozeto batzuk ere izango dira». Eta egitarauari bukaera emateko, «abenduak 17an Iñigo Muguruzaren omenezko kontzertua egingo da, bere urtebetetze egunean».
Ospakizun honen oinarria «euskara da eta bilatzen duguna transmisioa da, etorkizunari begira».
Atzera eta aurrera begira
Garoa Lekuona Euskara zinegotziaren hitzetan, «dantza, kanta, bertsoak, literatura, erakusketa, azoka... denetatik antolatu dugu. Urteurren batek atzera begiratzeko aukera ematen du baina baita aurrera begiratzeko ere. Hor dago zer egin zen, baita zer egin daiteken eta herri nortasun eta harrotasuna».
Anton Abadiari buruzko ziklo bat jorratuko da egitarau nagusiaren barruan: «Loraldiaren eskutik antzezlana, Abadiako gaztelura bisita gidatua eta, Euskal Azokaren barruan, mahai inguru bat, Koldo Ortega, Harkaitz Cano eta Antxoka Agirrerekin, 'Euskal Jaiak. Iragana eta etorkizuna' izenburuarekin».
Euskal Liburu eta Diska Azokari beste buelta bat emango zaio. «Joan den urtean Euskal Azoka bihurtu genuen, hainbat ekitaldirekin, eta aurtengo berritasuna da Itsas Etxea auditorioan egingo dugula».