Hondarribia
Euskal Azokaren inguruan hainbat ekitaldi antolatu dira gaurtik aurreraBihar Bordari eta Satarka Literatur Lehiaketako sari banaketa egingo da auditorioan
Iñigo Aristizabal
Hondarribia
Asteazkena, 11 abendua 2024
Urte askoz –aurten hogeita hamargarren edizioa du– Euskal Liburu eta Disko Azoka bezala ezagutu duguna Euskal Azoka bezala dator aurten. Noski, Durangon joan den astean ... aurkeztu ziren eta beste hainbat liburu eta disko erosi ahal izango dira Arrantzale Auzoan, baina beste hainbat ekitaldi burutuko dira gaurtik hasi eta igandera.
Garoa Lekuona Euskara zinegotziak azaldu duenez, «azken urteetan gainbeheran zegoen azoka, presentzia aldetik eta salmenten ikuspegitik. Indarberritu behar genuela pentsatu genuen, iruditegi berriaz gain bereziki egitarau bat eskainiz, erakargarria izateko. Saiatu gara profil ezberdinetako herritarrengana iristen. Erronka handia genuen eta euskalgintzari dagokion tokia eman nahi diogu». Udalak Blagan Euskara Elkartearen laguntza izan du egitaraua martxan jartzeko.
-
Gaur 'Manttalingo alaba' poesia eta musika, 19.30ean Kultur Etxean.
-
Ostirala Bordari eta Satarka Literatur Lehiaketako sari banaketa eta Gotzon Barandiaranen kontzertua.
-
Larunbata BAZ parean mural bat margotzea, aurkezpenak liburu eta disko azokan eta Olatz Salvadorren kontzertua.
-
Igandea Ipuin kontalaria, liburu baten aurkezpena eta 'Ombuaren itzala' pelikula.
Gaur bertan, 19:30ean, Kultur Etxean 'Manttalingo alaba' poesia eta musika uztartzen dituen ikuskizuna izango da, Saturrarango espetxean diktadura frankistan preso egondako 4.000 emakume baino gehiago omentzen dituena.
Gotzon Barandiaran
Bihar auditoriora jo beharko da, bertan 18:30ean Bordari eta Satarka Literatur Lehiaketako lanen sari banaketa egingo delako, Arantxa Urretabizkaiak aurkeztua, eta, 19:30ean 'Galbahea. Ez gara dena ahazteko nahikoa' eskainiko du Gotzon Barandiaranek, bere hirugarren poema liburuari helduta.
Larunbat goizean Naiara Goikoetxeak mural bat margotuko du Javier Ugarte kalean, BAZ parean. Gainera, Euskal Liburu eta Disko Azokan hainbat ekintza eta aurkezpen egingo dira. Hala nola, irakurketa eta mintzapraktika tailerra (11:00), Miren Amuriza eta Malen Amenabarren 'Titiritari' (11:30), Xabiroi eta 'Botere handi batek' eleberri grafikoa (12:15), Iosune Goñiren 'Ahizpa beltza' (13:00), Gorka Bereziartua eta Adurren 'Abentura erraldoia, salba dezagun kalejira' (17:00), Urtzi Urkizuren 'Txoria hodei artean, ETB lehen eta gero' (17:45) eta Ingot taldearen 'Zeugaz' diskoaren aurkezpena, Itziar Ituñoren eskutik (18:30).
Eguna bukatzeko, Olatz Salvadorrek 'Zainak eman' bere hirugarren diskoaren aurkezpen kontzertua eskainiko du auditorioan, sarrerak hamar eurotan.
Igandeko hiru hitzorduak ere auditorioan izango dira. 12:00etan, familientzako ipuin kontaketa (4 eta 7 urte bitartekoentzat); 17:00etan 'Pertsona izatearen balioa - Lourdes Ibañez de Gauna, gizarte-ekintzan aitzindaria' Lupe Calvo Elizazuren liburuaren aurkezpena eta 19:00etan, 'Ombuaren itzala' Patxi Bisquerten pelikularen proiekzioa. Pello Mari Otaño bertsolari-poeta handiaren memoria berreskuratzen da belaunaldi berrientzat, bera izan zelako bere garaian euskal kulturaren egile bikain eta sortzaileenetariko bat.
Arrantzale Auzoan
Asteburuaren ardatz den Euskal Liburu eta Disko Azoka lau egunetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:30era egongo da zabalik.
Asier Muniategi, Liburu Azoken Batzordeko koordinatzaileak gogoratu duenez, «Durangoko berrikuntzak %10eko beherapena dute hemen».
Udalari «eskerrak eman behar zaizkio. Orain dela hogeita hamar urte lehendabizi etorri nintzanean, ez nuen uste hainbeste denbora iraungo zuenik. Eta orain ikusten da berritzen eta indartzen ari dela, bizirik jarraitzeko asmoa dagoela».
¿Tienes una suscripción? Inicia sesión