Hondarribia
Anton Abadiaren bizitza aztertzen duen antzerkia ikusgai gaur auditorioanAnje Oregik gorpuztuko du Euskal Jaien lehen urratsak jarri zituen geografo, astronomo eta kulturgilea
Iñigo Aristizabal
HONDARRIBIA.
Osteguna, 27 azaroa 2025, 20:44
'Anton Abadia: Dublinetik Hendaiara' antzerki musikatua ikusi ahal izango da gaur auditorioan, 20:00etatik aurrera. Euskal Jaien ehungarren urteurrenaren ospakizunetan kokatua dagoen emanaldi hau ikusteko sarrerek hiru euro balio dute.
Ia 200 urte atzera egingo du antzezlanak: «1851ko udaberria zen, eta Anton Abadia geografoa, astronomoa eta kulturgilea kezkaturik zegoen euskal kultura nola piztu hausnartzen. Erromantikoa zen Abadia eta Euskal Pizkundean partaidea».
Imanol Agirre, Loraldia Festibalako zuzendari artistikoak, gogoratu du nola «duela hamar urte Bilbon kulturzale batzu bildu ginen eta ikusi genuen dena udazkenean gertatzen zela eta udaberrian zerbait behar genuela. Anton Abadiaren istoria topatu eta haren lekukoa hartu genuen, berak piztutatko Lore Jokoak gure Loraldia bihurtuta».
Anton Abadiaren papera egin zuen Aitor Mazo «estreinalditik hamar egunera hil zen eta ondoren Txomin Heguy izan zen, gainera gaztelutik urbil bizi zena. Berekin ibili ginen herriz herri antzezlan hau plazaratzen. Egitasmoa geldirik zegoen baina Hondarribiko Udalak asko insistitu zuenez berreskuratzea erabaki dugu eta oraingoan paper protagonista Anje Oregik egingo du. Berekin batera Xabi Zeberio eta Mixel Ducau musikariak eta Alaia Phillips Ducau kantaria izango dira».
Antzerkia «xumea da, ez dauka artifizio askorik, baina, era berean, mezu oso polita dauka, euskara eta euskal kulturaren aldekoa». Testua eta zuzendaritza artistikoak Patxo Telleriarenak dira. 2015ean Bilbon estreinatu zen eta 2020an 24 emanaldi izan zituen, haien artean, Hendaian.
Gaztelura bisita, bihar
Euskal kulturaren sustatzaileari hiru ekimen eskeiniko zaizkio Euskal Jaien ehungarren urteurrenaren ospakizunetan. Gaur, lehena. Bihar, bere gaztelura bisita gidatua egingo da eta plaza guztiak agortuak daude. Hitzordua 9:15ean da Sabino Aranako autobus geltokian eta gaztelura bere kabuz joateko asmoa duenak euskara@hondarribia.eus helbidera idatzi behar du.
Eta azkenik abenduaren 13an, Euskal Azokaren barruan, 'Euskal Jaiak: iragana eta etorkizuna' mahai ingurua ospatuko da, auditorioan. Euskal Jaien, Lore Jokoen eta euskal kulturgintzaren arteko lotura historikoa aztertuko dute Harkaitz Cano idazleak, Koldo Ortega historialaria eta Antxoka Agirre kazetari eta ikertzaileak.