Hondarribia
Adinekoak dantzan jartzeko ekimena egin zuten Kasino Zaharreko zelaianPertsona andana gerturatu zen Jawata Anti DJ-ak larunbatean eskainitako saiora
«Ehun pertsona inguru» animatu ziren pasa den larunbatean adineko pertsonentzat propio pentsatutako guatekean parte hartzera. Jubilatuen Etxeko tabernak antolatuta, Jawata Anti DJ-a bi ordu pasatxoz aritu zen Kasino Zaharrean adinekoek proposatutako eta DJ-a berak aukeratutako abestiak jartzen.
Maiatzean egin zuten 'Gora Bihotzak' egitasmoaren lehenengo saioa. Jawataren hitzetan, hartan oraingoan baino jende gutxiago agertu zen, baina «egon zirenak oso gustora» aritu zirela dio. Uste du aurreko emanaldia «goizegi» egin zutela, arratsaldeko 17:00etan, «siestarako orduan».
Larunbatean, aldiz, 18:00etan ekin zioten dantza saioari eta ordu laurden lehenago jendea zain zegoela dio DJ-ak. «Kasino Zaharra jendez gainezka zegoen, ehun pertsona baino gehiago egongo ginen bertan», gogoratzen du Jawatak. Dantzarako giro atsegina izan zuten, zelaiaren itzulgunean. Batzuek eserita jarraitu zuten saioa, eta besteek dantzarako gogoa erakutsi zuten. Besteak beste, Los Brincosen eta Rafaela Carraren abestiak izan zituzten dantzagai, eta Lina Morganen 'Gracias por venir' abestiarekin eman zioten agurra.
Larunbateko saioak izandako harrera ona ikusita, iraila amaieran beste bat egingo dutela aurreratu du Jawatak. Adinekoen parte hartzea sustatzen jarrai-tzeko, 60 eta 70eko hamarkadetako janzkera dotorenak sari-tzeko asmoa dutela azaldu du DJ-ak. Azken emanaldia urrian egitea aurreikusten dute.