Aurten ez baino hurrengo urtean indartsuago itzuliko omen da Mutrikuko Santeskea
Bertso Eskolan, ordea, gogoz prestatzen aritu dira koplak bai helduak zein gaztetxoak
A. GORRITIBEREA
MUTRIKU.
Ostirala, 5 otsaila 2021, 00:22
Santa Ageda eguna gaur bada ere, Mutrikun ohitura izaten da Santeskea antolatzeko hurrengo larunbatean, baina aurten ez da horrelakorik izango pandemia dela eta. 53. urteurrena behar zuen aurtengoak, baina hurrengorako utzi dute, izan ere edozein jende bilketa galerazita bai dago, eta osasuna zaintze aldera, hobe neurri prebentiboak zorrotz bete aurtengoagatik, eta indartsuago itzuli hurrengoan.
Bertso Eskolan, ordea, gogoz prestatzen aritu dira koplak bai helduak zein gaztetxoak. Gogoratu, bertso eskola 'Luardo' etxeko azken solairuan kokatua dagoela, Euskaltegiko bulegoaren ondoan, eta bertan biltzen dira ostiralero, bai gaztetxoak zein helduak.
Gaztetxoek aurten Malen Aldalur dute irakaslea, eta helduak berriz beraien kabuz aritzen dira. 18:00etatik 19:00etara gaztetxoen ordua izaten da eta 19:00etatik 21:00etara helduena. Helduen taldean, gainera, mutrikuarrak ezik, beste bi lagun Debatik eta beste bi Ondarroatik etortzen dira, baina aurtengoan pandemia dela eta babes neurriak behar bezala beteaz ari dira guztiak. Bertso zaletasunak bultzatuta, bateren batek eskolan parte hartzea nahiko balu, bertako edozein partaideei esan besterik ez du, gogo handiz onartuko bai dute.
Intzidentzia tasa beherantz
Osteguneko Covid-19ko positiboen datuak ikusmira handia sortzen du herritarren artean, izan ere horiek baldintzatzen baitute asteburuko ostalaritza eta kirol praktika. Asteazkeneko datuak dira azkenenak, eta bertan beste positibo bat gehiago izan zen Mutrikun. Nola nahi, azken hamalau egunak hartu ezkero, 14 positibo izan dira Mutrikun, ondorioz indizea 263,46koa da 100.000 biztanleko, beherantz doan zenbakia beraz. Mutrikun guztira izan diren positiboak berriz 297 dira.