Borrar
Hasierako panela Herriko Enparantzan jartzea hobetsi da, ibilbidea herriaren erditik abiaraziz. UDALA

Mendaro

PR moduan homologaturiko Kilimon Traileko bi ibilbideak, erabiltzeko prest

Besteak beste, 13 baliza ezarri dira bi ibilbideetan, baita 12 poste eta 33 gezi, eta hasierako panel bat ere

A. Urbieta

Mendaro.

Sábado, 8 de febrero 2025, 21:26

Kilimon Trail mendi lasterketa osatzen duten bi ibilbideak, denon eskura, ibilbide labur bezala egokituta eta ongi seinaleztatuta. Horixe zen aspaldian lasterketa antolatzen duten Mendaroko Txirrindularitza Elkarteko eta Lizarpe Mendi Klubeko kideei okurritu zitzaien ideia, eta Mendaroko Udalaren ekimenez gauzatu ahal izan da. Modu honetan, ibilbidea urte osoan zehar edozeinek erabiltzeko moduan jarri da, eta ibilbidearen mantenimendua sistematizatu ahalko da.

Udalak 19.872,81 euroko (BEZa barne) aurrekontua bideratu du proiektu hau gauzatzeko, eta Kilimon Traileko bi ibilbideak Ibilbide Labur (PR) bezala egokitzeko. Horretarako bi ibilbideen balizai lanak (13 baliza jarri dira bi ibilbideetan), 12 poste eta 33 gezi diseinatu eta kokatu, hasierako panela diseinatu eta kokatu, ibilbidea homologatu eta ibilbidea desbrozatu eta egokitu behar izan dira azken hilabeteetan. Gipuzkoako Mendi Federazioak burutu ditu lan hauek Kilimon Trailekoen eta Udalaren laguntzarekin.

Berezitasun bezala, Garagartzako eliza atzealdetik Santakrutz aldera doan harrizko mailaz osatutako aintzinako bidexka desbrozatzeaz gain, hor falta ziren harrizko mailen lekuetan berriak jarri eta lurjausi eta basolanekin hondatuta zeuden lekuak egokitzeko ere ahalegina egin da.

Hasierako panelari dagokionez, Herriko Enparantzan jartzea hobetsi da, ibilbidea herriaren erditik abiaraztea, batez ere, ibilbidea egitera datozen bisitariak herriko erdigunera erakartzeko garrantzitsua izan daitekeela pentsatuta. Frontoiaren atzeko berdegunea aukeratu da hasierako panela jartzeko leku egokitzat. Horretarako, lehenbizi, leku horretan zegoen pantaila elektronikoa desmuntatu behar izan da, panelari trabarik egin ez diezaion.

Enetz Ezenarro alkateak adierazi duenez pantaila elektronikoa berriz martxan jartzeko asmotan dabiltza, baina horretarako kokapen egokiena zein den erabaki behar dute lehenbizi.

Ezenarroren arabera «gobernuan sartu ginenetik buruan izan dugu ibilbide batzuk diseinatu, seinaleztatu eta garbitzea. Hau da lehenbizikoa zentzu horretan, baina aurrerantzean oinezko beste ibilbide batzuk egokitzea eta mantentzea da gure asmoa». Bere hitzetan «ezaguna da, gaur egun, kirolak eta ariketa fisikoak edozein adinetako herritarrentzat daukan garrantzia, bereziki, osasunari eta aisialdiari lotuta. Oinezko ibilbideak, bai herri barrukoak eta bai mendi inguruetakoak, funtzio hori betetzen dute, alde batetik. Baina ez da hori betetzen duten funtzio bakarra. Mendaroko natur eta kultur ondarea ezagutarazi eta babesteko ere funtsezko azpiegiturak direla uste dugu. Eta gainera dimentsio ekonomiko bat ere badaukala pentsatzen dugu, balio handiko natur eta kultur ondare bati lotutako turismo jasangarri bat erakartzeko gaitasuna daukan heinean. Gauza txikia ematen du baina guk garrantzia handia ematen diogu».

Ibilbide hauek jadanik jendeak erabiltzeko moduan daude eta Ezenarrok hala egitera bultzatu nahi ditu herritarrak. Epe laburrean udaleko web orrian ibilbide hauentzat txoko bat ere jarri nahi dutela adierazi du Ezenarrok, edozeinek modu erraz batean eskuragarri izan dezan ibilbide hauen inguruko informazioa.

«Begirunez jokatu»

Proiektu hau egikaritzeko hainbeste lan egin duten Kilimon Traileko lagunei Udalaren partetik eskerrik beroenak eman nahi izan dizkie alkateak eta, amaitzeko, baita erabiltzaileei azken eskakizun bat luzatu ere; izan ere, «ibilbide hauek landaguneko inguruneetatik igarotzen direla jakinik, baserri munduarekiko begirune osoz jokatzea ezinbestekoa delako, kaletar eta baserritarren artean bizikidetza on bat izatea eskatzen dugu. Askotan, kaletarrok, ezezagutzagatik agian, ez gara ohartzen mendian gure jokaera desegokiek baserritarrengan sor ditzaketen arazoak zenbaterainokoak izan daitezkeen eta horrelakorik ezin da onartu».

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco PR moduan homologaturiko Kilimon Traileko bi ibilbideak, erabiltzeko prest

PR moduan homologaturiko Kilimon Traileko bi ibilbideak, erabiltzeko prest