Bajo Deba
Eskualdea, biharko Gaba Beltza ospatzeko prestEkintza ugari izango dira ostiralean Debabarreneko herri guztietan, urteko gaurik beldurgarriena festa giroan igarotzeko
Jabi Leon
debabarrena.
Asteazkena, 29 urria 2025
Gaba Beltza, Gau Beltza, Arimen Gaua, Gaba Baltza... Izen ezberdinekin bada ere, Debabarreneko herri guztiek prest dute dena urriaren 31ko gaua festa giroan ospatzeko.
Elgoibar, Mutriku, Deba, Soraluze eta Mendaro. Bakoitzak bere erara, baina eskualdeko herriek ekitaldiz beteriko egitarauak prestatu dituzte urteko egunik (edo hobeto esanda, gaurik) beldurgarriena Euskal Herriko aiton-amonek garai batean egiten zuten bezala jai giroan igarotzeko.
Edonola ere, Gaba Beltza Debabarreneko herri batean errotuta bada, herri hori Mutriku da. Ostiralerako bertan prestatutako egitaraua 16:00etan hasiko dute, Gaztelekuan egokituko duten ihes gela beldurgarri batekin. Ondoren, LH1-2 mailetako haurrekin Talaixako mamua sortzeko tailerra egongo da eta 19:30ean Axuri Beltza kalejira eta Talaixako mamua erretzea. Ekitaldi hori Goiko plazan egingo da, Gaztetxearen eta dantza, akordeoi eta txistulari taldeen partaidetzarekin.
Hori bai, Gaba Beltzaren harira Mutrikun antolatutako egitarauak larunbatean izango du jarraipena, egun osoan zehar.
Deban, berriz, arimek hartuko dute herria ostiral honetan. Iaz jaio zen festa abiatzeko, herritarrak arimek egingo duten ibilbidea apaintzeko auzolanean arituko dira (hitzordua 17:30ean da Zumardian). Jarraian makillaje tailerra eta photocall-a egongo dira kioskoan; eta 19:30ean Arimen ibilbidea hasiko da bertatik.
Antolakuntza taldeko lagunek aurreratu dutenez, hainbat ekimen egongo dira Arimen ibilbidea girotzeko: Debatukada, Arimen dantzaldia (Kulunkaren eskutik, Plaza Zaharrean eta Simon Berasaluze plazan), Axuri beltzaren dantza (Gure Kai EDT eta Kalez kale txistularien eskutik, Foruen plazan) eta ibilbideari amaiera emango dion ekitaldia. Hori Plaza Zaharrean egingo da eta bertan «beldurren erretzea, kontakizuna, irrintzilariak, txalapartariak eta Kalean kantuz taldearen emanaldia» egongo dira.
Elgoibar, Soraluze eta Mendaro
Elgoibarren, ostiral honetan Gau Beltza ospatzeko ekintzak 18:00etan hasiko dira, Kalegoen plazan jai eguna girotzen joateko izango diren haurrentzako tailerrekin. Ondoren 'ibilaldi beltza' egingo dute, Kalegoen plazatik Maalako parkeraino.
Soraluzen ere, 18:00etan, ekingo diote ibilbide misteriotsuari (sorpresaz betetako bidea izango da, eta amaieran gaztaina-jana egongo da). Amaitzean, 19:00etatik 20:30era, «eskerako tarte librea» izango da eta 20:30ean Lekittoko Deabruak taldeak 'Akelarre' ikuskizuna eskainiko du, pirotekniarekin.
Azkenik, Mendaron ere izango da Arimen gaua zerekin ospatu: 17:00etan gaileta tailerra, maskara margoketa, eskulanak eta tattuaien tailerra egongo dira frontoian; eta 18:00etan haur eta familientzako ginkana hasiko da.
Eguna borobiltzeko perkusioa, piroteknia eta antzerkia uztartuko dituen 'Psycho clown' ikuskizun beldurgarria izango da 22:00etan, Herriko Enparantzan.