Borrar
Herritarrak iazko azaroaren 28an Maalako parkean, Kilometroak jaiaren leloa, irudia eta helburuak aurkezteko egindako ekitaldian. J. LEON

Elgoibar

Urriaren 5ean ospatuko den Kilometroak jaiaren ekitaldi guztiak herrigunean egingo dituzte

Elgoibar Ikastolak ostiralean zabaldu zuen aurtengo Gipuzkoako Ikastolen aldeko festaren egunerako prestatutako eta ekitaldiz beterik datorren egitaraua

Jabi Leon

Elgoibar

Larunbata, 13 iraila 2025, 20:36

Comenta

Aurkezpen ofiziala egiteko oraindik egun batzuk falta diren arren, Elgoibar Ikastolak joan den ostiralean zabaldu zuen bere webgunearen eta sare sozialen bitartez urriaren 5ean herrian ospatuko den Gipuzkoako Ikastolen aldeko Kilometroak festarako prestatu duen egitaraua. Elgoibarrek 1996an ere hartu zuen Kilometroak jaia; eta orduan ez bezala, aurtengo jaiaren harira antolatutako ekitaldi guztiak herrigunean zehar egingo dira.

Hori bai, orain dela 19 urte bezala, urriaren 5ean Elgoibarrera bertaratzen diren guztiek mota askotako ekintzekin gozatu ahalko dute. Izan ere, Ikastolak egun horretarako antolatu duen egitaraua bete-beteta dago.

Guneak eta ekitaldiak

Kilometroak jaia ospatzen den herri guztietan bezala, Elgoibarren ere jaiaz gozatzeko antolatutako ekitaldiak gune ezberdinetan banatuko dira.

Nola ez, lehen gunea Ikastolan egokituko da, eta bertan emango zaio hasiera 'Salto-Saltoka' lelopean ospatuko den festari. Hasteko ikastolako txarangaren diana izango da 9:00etan; eta ordubete beranduago jaia irekitzeko ekitaldiari ekingo zaio.

Hortik aurrera, joaldunak, Ene kantak, Asgarth, Xaribari, Go!azen! eta Kittu! taldeen emanaldiak izango dira Ikastolako gunean. Gainera, 13:30etik 16:15era bitartean bazkaltzeko aukera izango da ikastetxeko frontoian (paela, oilaskoa eta makarroiak eskainiko dira); eta egun osoan zehar haurrentzako puzgarriak eta era askotako txokoak eta tailerrak egongo dira Ikastolan.

Festaren beste gune bat Bernardo Ezenarro kalean egokituko da. Bertan Eingo taldea, mago ibiltariak, Mauxitxa txaranga, Elgoibarko erraldoi, buruhandi eta zezenzikleten konpartsa, Patxangoi elektrotxaranga edota Kittu! taldearekin disfrutatzeko aukera izango da. Gainera, egun osoan zehar artisauen azoka, eragileen postuak eta jateko aukera egongo dira bertan.

Maalako gunean, berriz, goiz osoan zehar herriaren barrenean garatuko den erronka-lehiaketan parte hartuko duten guztientzako bazkaria eskainiko da (lehiaketaren emaitza eta sari banaketa han egingo dira, 16:00ak aldera).

Festaren beste gune garrantzitsu bat Aita Agirre plazakoa izango da. Eremu horretan estilo ezberdineko hainbat kontzerturekin gozatzeko parada izango da. Gainera, Elgoibar eta Mendaroko hainbat talde igoko dira Aita Agirre plazako oholtzara.

Lehenik eta behin Kitziki taldearen emanaldia egongo da (11:00etan) eta horren ondoren Txoteko Ezpata taldeko lagunen txanda izango da (12:15ean). Jarraian Heitxi taldeak joko du (13:30ean) eta emanaldi hori bukatu bezain pronto Elgoibarko erraldoi, buruhandi eta zezenzikletek hartuko dute plaza. Hori bai, 15:00etan Ehun Kilo talde beteranoa igoko da eszenatokira eta horren ondoren Janus Lester (16:45ean) eta Kittu!.

Kontzertu guzti horietaz gain, soka salto txokoa egongo da Aita Agirre gunean (10:30etik 13:15era bitartean) eta Euskaltel txirringa zirkuitoa (egun osoan zehar).

Kilometroak festa ospatzeko azken gunea Kalegoen plazan ipiniko da. Bertako jarduera abiatzeko herri kirolak eta Nerea Ibarzabal eta Andoni Egaña bertsolarien emanaldiak izango dira (10:30etik 12:00etara arte). Hortik aurrera, Malko (12:30ean), Itzal erromeria (14:00etan), Bengo (16:00etan) edota Trikidantz (17:30ean) izango dira Kalegoen plazan. Guzti hori, talo postua eta 11:00etatik 14:00etara bitartean haurrentzako jolas ezberdinak ere izango direla ahaztu gabe.

Laguntzeko bolondresak

Urriaren 5ean Elgoibarren ospatuko den Kilometroak 25 bezalako jai handi bat aurrera ateratzeko pertsona askoren beharra dago.

Hori dela eta, festa egunean talde antolatzaileari laguntzeko prest dauden herritarrek dagoeneko eman dezakete izena.

Bolondres gisa aritzeko prest daudenek Elgoibar Ikastolak bere webgunearen bidez zabaldu duen galdetegia bete dezakete.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Urriaren 5ean ospatuko den Kilometroak jaiaren ekitaldi guztiak herrigunean egingo dituzte

Urriaren 5ean ospatuko den Kilometroak jaiaren ekitaldi guztiak herrigunean egingo dituzte