Borrar
Maritxu Loiola, Aspanogi elkartea, DYA eta Gurutze Gorria izan dira omenduak igande honetan Elgoibarren. Gorka Estrada

Milaka lagun elkartu dira Elgoibarren 'Salto-saltoka' Kilometroak ospatzeko

Gipuzkoako Ikastolen aldeko jaiaren 49. edizioa martxan da, elkarlanean, euskararen erabileraren sustatzean eta ikastolen ekarpenean azpimarra jarriz. Palestinaren aldeko keinurik ere ez da falta izan hasiera hitzaldietan

Igandea, 5 urria 2025, 12:48

Comenta

29 urteren ostean berriro ere Elgoibarrera itzuli da Gipuzkoako Ikastolen aldeko festa. Eguraldi goibelarekin bada ere, milaka lagun ari dira hurbiltzen Elgoibar Ikastolak 'Salto-saltoka' lelopean antolatu duten Kilometroak jaira. Egun osoko egitaraua antolatu da, adin guztietara zuzenduriko ekintza eta ikuskizunekin, eta guztiak ere herrigunean izango dira, bertan atondu diren hiru gune eta azpigunearekin.

Ikastolan eman zaio hasiera ofiziala aurtengo festari. Hasi bezain laster Palestinari keinua, atrilean ezarri den banderarekin. Elgoibar Ikastolako lehendakari Olatz Astigarraga Castañares izan da hitza hartzen lehena. Urtea euskarara salto egiteko baldintzak sortuz, eta elkarren sokari eraginez eman dutela adierazi du eta oso urte berezia bizi izan dutela: «Euskararen eta herrigintzaren aldeko indarra elikatu eta zabaltzea izan da gure nahia, eta hori ez egun bakarreko jaialdi baten bidez soilik, baizik eta urte osoan zehar Kilometroak 2025 herrian eragile izan dadin lan eginez».

Hori aurrera eraman ahal izateko, urte osoa pasatu dute Ikastolan bi helbururi tiraka: elkarlana eta euskararen erabilera. «Alde batetik, Ikastola gisa, kooperatiba gisa eta herri ekimen gisa, gure arteko lankidetzan eta parte hartze aktiboan sinesten dugu, eta hori balioan jarri eta sustatu dugu eta bestetik, Kilometroen urtea baliatu nahi izan dugu euskararen erabilera handitzeko. Ez euskararen alde gehiago egoteko, baizik eta euskaraz gehiago eta gehiagok egiteko. Horretan, elkarri lagundu diogu euskara hautatzen, eta elkarren babesean salto hori egiteko baldintzak sortu ditugu».

Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateak, bere aldetik, azken hilabeteetan egin den lanak sortu duen komunitate sendoan jarri du azpimarra, komunitatea indarra dela adieraziz: «Udaletik hasieratik adierazi genuen bezala, gure herria bizirik, zaintzan eta inklusioan oinarritutako herri bat izan dadin nahi dugu. Eta hori lortzeko ezinbestekoa da komunitate sendoa, bakoitzak bere eremutik egiten duen ekarpena». Gazako sarraski ere izan du gogoan: «Gaur festa eguna bada ere, gure gaitzespen irmoena adierazi nahi dugu hemen. Gure erantzuna argia da: zubiak eraiki, komunitatea indartu, eta Elgoibar hobe baten alde lan egin. Horregatik, gaurkoan gure mezua sinplea da: Salto, salto… elkarrekin euskarara!».

Begoña Pedrosa Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak ere «euskarara salto egiteko baldintzak» sortu beharra dagoela nabarmendu du. «Soka eragiten jarraitu beharra dago». Argi azaldu du Elgoibar beti egon dela euskarari eta hezkuntzari lotuta eta modu horretara, gogora ekarri ditu Pedro Miguel Urruzuno, Gotzon Garate, Uxue Alberdi eta Jasone Osoro herriko idazleak. Eta atsotitz bat gogora ekarriz, goitik behera salto egitea erraza den moduan, alderantziaz nekeza izaten dela nabarmendu du. «Behetik gora, pausoz pauso, eragiten jarraitu behar dugu. Hezkuntza sare sendo bat eskaintzen jarraitu behar dugu». Bide horretatik, azpimarratu du eskola dela «euskarari arnas emango dion espazio eraginkorrena». Modu horretara, hezkuntza sistemaren «kalitatea areagotzen» jarraitu beharra nabarmendu du. «Euskararen etorkizunean salto egiten jarraitzeko hezkuntza sistema indartzen jarraitzea da biderik onena», amaitu du.

Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusiak ere eskerrak eman nahi izan dizkio Ikastolari egindako lanagatik eta parte hartu duten eragile guztiak zoriondu nahi izan ditu. Kilometroak jaiaren irudia den sokari ere erreferentzia egin nahi izan dio guztiak soka berekoak garela azpimarratuz: «sokak berdintasuna adierazten duelako eta gutako bakoitza desberdina izan arren, komunitate bakarra osatzen dugulako. Komunitate sendoa izan dugulako gure herrian, gaur garena gara«. Komunitate horren »balio sendoak« ekarri ditu gogora diputauak: elkarlana, herri izaera eta gure hizkuntza propioa. »Sare horri, komunitate horri, eusten jarraitu behar dugu«. Amaitzeko, munduan gaizki pasatzen dauden haur eta gaztetxoak ekarri ditu gogora, Gaza eta Ukrainakoak nabarmenduz.

«Hirugarren sarea gara»

Hasiera ekitaldiari amaiera emateko Aitor Elizaran Egidazu Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak hartu du hitza. Lehen keinua Palestinako haurrei eskaini, eta urte osoan festa antolatzeko lanean aritu direnei eskarrak eman ostaen, ikastolak bereizi egiten dituen ezaugarri batzuk dituztela aldarrikatu nahi izan du: «Biharko euskal herritarrak gaurtik hezten dituen hezkuntza sare eraldatzailea osatzen dugu. Itunpeko ikastetxeen sarean kokatzen gaituzte, bai, baina argi daukagu hori ez dela gure kokalekua. Hezkuntza sistemaren hirugarren sarea gara Ikastolak. Eta hori da, gaur, aldarrikatu nahi duguna. Izan ere, Kilometroak euskararen eta euskal kulturaren jaia izateaz gainera, aldarrikapen jaia ere bada, ikastolen aldarrikapen jaia».

Ikastolen hezkuntza proiektu sendoak dituztela nabarmendu du eta hezkuntza marko partekatuan eta pertsona ereduan oinarrituta lanean dihardutela. Mugimendua 115 ikastola, 46.000 familia, 55.500 ikasle eta 3.700 irakasle eta langilez osatuta dagoela ere azpimarratu nahi izan du: «Komunitate herrikoia, kooperatiboa eta prestatua gara: ikasleak, familiak, lankideak eta ikastolazaleak... Euskal Herri osoan gaude, saretuta gaude, eta antolaketa horizontala dugu; elkarlana eta elkartasuna dira gure ezaugarriak».

Maritxu Loiola eta Aspanogi elkarteari omenaldia

Ikastolatik Aita Agirre eraikiniera mugitu da orduan, festa kalejira alaian eta euri zaparrada hasi aurretik. Hantxe burutu dira Elgoibar Ikastolak eskainitako omenaldiak. Lehen omendua Maritxu Loiola izan da, Aubixako Maritxu. «Bizitza osoa euskararen zerbitzura» emateagatik egingo diote omenaldia Loiolari. Ikastolako arduradunek esan dutenez, «Elgoibar Ikastolaren sorrera amestu zutenek 1962an zuten helburu bera islatzen du Aubixa baserriak: euskararen berpizkundea, arnasa eta bizia; elkarlana eta konpromisoa; ilusioz pentsatutako eta bihotzez gauzatutako proiektua. Eta hori guztia, beti irribarre baten indarrarekin».

Bigarren omendua Aspanogi elkartea izan da. Lehendakariaren hitzetan: «Aspanogi elkarteari ere doakio gure aitortza, ia 30 urtez haur minbizidunen eta haien familien ondoan egon den erakundeari. 1996tik, elkarte honek ez du bakarrik laguntza praktikoa eskaini: maitasuna, babesa eta indarra ere eman ditu».

Gainera, 30 urte hauetako ibilbidean kide ezagunak ere izan ditu elkarteak, tartean Elgoibar Ikastolako ikasle izandako Oier Etxaniz eta Ane Perez. Oier, urteetan elkarteko boluntarioa izan zen eta minbizidun haurrei ospitaleko egonaldia errobot eta teknologiarekin alaitzen zien. Ane, berriz, Ane Pirata bezala ezagunagoa, Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoekin batera «Eskerrik asko» ikuskizunaren protagonista bilakatu zen Euskal Herri osoan zehar. Haiek ere gogora ekarri nahi izan dituzte omenaldi hunkigarri honetan. Egun Aspanogiren kide den Elgoibarko familia batek hartu du ikurra eta eskerrak ematearekin batera, aldarrikapenerako ere baliatu du ekitaldiak. Hala, Aspanogik egiten duen ekarpena azpimarratuz, egoitza berri baten beharra ere badutela gogorarazi die agintariei, eta ikerkuntzara baliabide gehiago bideratu beharra.

Aipatutako bi omenduez gain, Elgoibar Ikastolak DYA eta Gurutze Gorria ere eskertu nahi izan ditu, urteetan zehar Kilometroak proiektuari emandako laguntzagatik. Haiek ere jaso dute oroigarri txiki bat.

Lekukoa Lazkaoko San Benito ikastolari

Goizeko ekitaldia amaitzeko, datorren urteko KMK jaia antolatzeko lekuko aldaketa burutu da, bi ikastolen arteko lehendakarien artean. Horrela, Elgoibar Ikastolako lehendakaria den Olatz Astigarragaren eskutik, Lazkaoko Ikastolako lehendakari Irantzu Amundarainek hartu du lekukoa. Pozik agertu da Amundarain eta eskerrak eman dizkie Elgoibar Ikastolako kideei egindako harreragatik, emandako laguntzagatik eta urte honetan zehar eskainiko dietenagatik.

Datorren urriaren 4an bertan ospatuko dute Gipuzkoako ikastolen jai handia, 50. Kilometroak izango da. Gogora ekarri du 1977an lehen Kilometroen festa Lazkao-Beasainen izan zela eta 2026an Lazkaon ospatuko dela. Guztiak gonbidatu nahi izan ditu datorren urtean Lazkaon elkar ikustera eta gaurko egunean ondo pasatzeko gonbidapena luzatu du.

Herriko gune guztietan jarraitzen du egitarauak, eta dena ongi atera dadin lanean ari dira 1.000 boluntario baino gehiago.

Janus Lesterren kontzertua, bertan behera

Janus Lester taldeak Aita Agirre gunean eskaini beharreko kontzertua bertan behera utzi behar izan dute, abeslariaren osasun arazoengatik. Bezperan Urnietan eskaini beharreko kontzertua ere bertan behera utzi behar izan zuen taldeak, arrazoi berarengatik. Janus Lesterren kontzertua bertan behera geratzean, Ehun Kiloren kontzertua atzeratu behar izan du antolakuntzak, eta 16:30ean izango da.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Milaka lagun elkartu dira Elgoibarren 'Salto-saltoka' Kilometroak ospatzeko

Milaka lagun elkartu dira Elgoibarren 'Salto-saltoka' Kilometroak ospatzeko