Elgoibarrek Gipuzkoako Ikastolen aldeko Kilometroak jaia hartuko du 2025eko urrian
Herriak festa hartzen duen bigarren aldia izango da 1996koaren ostean, euriak eta lokatzak baldintzatu zuen ekitaldia
Oraindik ofizialki iragarri ez badute ere, Elgoibar Ikastolak jakinarazi du datorren urteko Kilometroak jaia Elgoibarren ospatuko dela. 2025ekoa Elgoibarrek Kilometroak festa hartzen duen bigarren aldia izango da, aurrenekoa 1996an egin zen eta orduan 55.000 lagun inguru elkartu ziren herrian euriak eta lokatzak baldintzatu zuten jaian.
Elgoibar Ikastolako Kontseilu errektorea eta zuzendaritza taldea osatzen duten kideek «gogotsu» hartuko dute aurtengo Kilometroak antolatuko duen Azpeitiko Ikasberri ikastolaren lekukoa.
«Badakigu erronka handia dela baina gure komunitatea sendotzeko eta proiektua gizarteratzeko aukera ezin hobea dela deritzogu», adierazi dute ikastetxeko ordezkariek. Era berean, «informazio gehiago dugun heinean», honen berri joango dira ematen.
1977az geroztik egiten den bezala, datorren urteko Gipuzkoako Ikastolen aldeko festa urriko lehen igandean ospatuko da.