Bakarne Altonaga eta Eider de Dios (Historialariak): «Gaur egungo irakasleak saiatzen dira genero ikuspuntua lantzen»

UEU. Bakarne Altonaga eta Eider de Dios Markeskua jauregian.
/FÉLIX MORQUECHO
UEU. Bakarne Altonaga eta Eider de Dios Markeskua jauregian. / FÉLIX MORQUECHO

Markeskua jauregia bisitariz beteta igarotzen ari da uda UEUk antolatzen dituen ikastaroen bidez; aste honetan amaituko dira

Félix Morquecho
FÉLIX MORQUECHOEIBAR.

Hainbat gai jorratzen ari dira egun hauetan Markeskua jauregian. Udako Euskal Unibertsitateak prestatutako egitarauan historia eta generoa ardatz dituen ikastaro bat dago. Bakarne Altonaga eta Eider de Dios Historia Garaikidean doktoreak dira EHUn eta 'Generoaren historia: irakaskuntza tresna' ikastaroko nondik norakoak azaldu dituzte.

-Zein izango litzateke ikastaroaren helburua?

-B.A. Historialariak gara, eta landu nahi genuen generoaren historia irakaskuntzan, baina baita ikerkun-tzan eta beste arlotan izan dezakeen erabilpena ere. Batez ere hausnarketa eremu bat sortu nahi dugu genero historiaren inguruan eta genero historiak ematen dituen baliabideei buruz.

«Generoaren definizioak, momentu batean, bilakaera politikoa bideratu du»

-E.D.D. Eta bide batez generoaren ikuspuntua sartzea, ez bakarrik ikasgai bezala baizik eta egunerokotasunean.

-Suposatzen dut orain dela gutxi arte gabezi bat egon dela historia kontatzean.

-B.A. Bai, oso handia. Lan oso garrantzitsuak egiten ari dira, eta gure helburua ere da esplikatzea ibilbide garrantzitsu bat eman dela emakumeen historiatik generoaren historiara, bi ikuspegi horiek uztargarriak direla eta beharrezkoa dela, hala eta guztiz ere, generoaren ikuspegia transbersalki aplikatzeko ahalegina egitea. Emakumeen historian eta genero historian ez dago hainbesteko gabezia, lan handia egin da azken hamarkadetan, baina generoa transbersalki giza-zientzietan eta orokorrean beste zientzia batzuetan aplikatzeko bai dagoela gabezia.

-E.D.D. Ez nago guztiz ados. Badaude lanak genero ikuspegitik historian, baina aldi berean uste dut ez dagoela guztiz ondo ikusita beste alorretatik. Historia politika egiten dutenek ez dute ikusten genero historia, beti dago alde peioratiboa zerbait errazagoa izango balitz bezala, baina justu kontrakoa da. Kontuan hartu behar dituzu beti historikoki gertatzen diren gauzak, eta hortik genero ikuspuntua ezarri, eta ez da erraza. Lanak badaude baina ikuspegi peioratiboa ez da oraindik joan, harresi hori ez dugu apurtu.

-Askotan aipatzen dira historiako emakume erreferenteak. Garran-tzitsuak al dira?

-B.A. Arazoa da askotan emakume horien berezitasuna aipatzen dela, eta berezitasun horrekin ez duzu ezer gehiago egiten, ez da emakume gehienen egoera azaldu. Adibidez Bigarren Hezkuntzan azaltzen direnak salbuespenak dira, eta izen gutxi batzuen atzetik ez dago ezer. Nik uste dut beharrezkoa dela erreferenteak ikusaraztea, baina ez bakarrik emakumeak diren heinean, baizik eta bere ekintzek izan duten garrantziagatik, eta ez geratu bakarrik datuan, horrek ez dio ezer gehi-tzen. Bere garaian zeukan esanahiaren ingurura jo behar dugu.

-Batzuk esango dute historia bakarra dela.

-B.A. Hamaika mila historia egon direla esango nuke nik, eta historia beste era batera kontatu behar da. Guk esaldi bat lema bezala hartu dugu, 'another past is possible' (iragan desberdina posiblea da).

-E.D.D. Eta 'another pasts' ere!, iragan desberdinak.

-B.A. Genero perspektiba transbersalki lantzen dela esaten dugu, baina fenomeno politikoak edo sozialak ikertzean askotan entzuten dugu horrek ez duela kontatzen benetan zer gertatu zen, sakrifikatzen ari zarela historiaren zati bat, baina ez da ezer sakrifikatzen.

-E.D.D. Adibidez, asko ikasitako gai bat, Frantziar iraultza. Genero ikuspegitik begiratu ahal duzu eta beste begirada bat lortuko duzu. Beste adibide batean, Frankoren diktaduran maskulinitateak garrantzi handia zuen, futbolarekin zuen erlazioarekin, edo zezenketak eta abar.

-B.A. Gainera generoren ikuspegia 'hardcore' historia suposatzen den horrekin harremanean jartzen denean gauza berri asko aurkitzen dira, baina ez emakumeei buruzkoak, baizik eta orokorrak, garaiaren ingurukoak. Nik uste dut ez garela konturatzen zenbateraino generoaren definizioak, momentu batean, bilakaera politikoa bideratu duen.

-Iraultza bat beharrezkoa al da geletan edo ez da hain zaratatsua izan behar aldaketa?

-E.D.D. Nik uste dut gaur egun gauzak egiten ari direla eta irakasleek lan handia dute, kontzientzia dute gai honetan. Ez ditut sakonki programazioak ezagutzen baina gaur egungo irakasleak saiatzen dira, ahal duten neurrian, genero ikuspuntua lantzen. Halako gauzak egiten dituzte egunero.

-B.A. Ikastaroan egon den ikasleetako batek lan egiten du sexualitate eskolak e maten ikasgeletan, batez ere hezkuntza formalan. Eta berak ikusten du unitate didaktikoak edo proiektuak inplementatu daitezkela baina muga handia ikusten du mentalitatean. Nahiz eta gauza oso berritzaileak sartu, badago mentalitateen muga. Eta alor horretan bai beharko litzatekeela aldaketa handi bat.

-Gaur egun oso modernoak garela uste dugu eta oso 'progreak' ere, baina orain sortzen ari garen historiak kontuan hartzen al du genero ikuspegia?

-E.D.D. Gero eta gehiago. Kasu ba-tzuetan ez dute benetan genero ikuspuntua jartzen, baina pentsatzen dute emakume bati buruz ari direnez hori genero ikuspuntua dela, baina ez da egia. Baina feminista naizen aldetik pixkanaka bagoaz, eta hori bada aurrepauso bat. Gehiago falta dira baina.

-B.A. Ahaleginak egiten dira... eta egin dira. Nik sentitzen dut gure belaunaldikoak askoz errazago izan dugula genero ikuspegia lantzea, erreferenteak izan ditugu, gu baino askoz zailago izan dutenak genero historia egiteko. Horrek ez du esan nahi egoera ideal batean bizi garela. Aurrerapausoak emateak ez du esan nahi atzerapausoak egongo ez direnik.

-E.D.D. Gaur egun ikaslego gehiengoak genero ikuspuntua jarriko duela esaten du. Gutxienez txip hori aldatzen badoa.

-B.A. Eta legitimitate akademikoa badauka genero ikuspegiak, beste gauza bat da nola inplementatzen den. Erlatiboa da.

-Hemendik berrogeita hamar urtera ikusiko dugu.

-Hori da!

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos