Deba
Gazteei zuzenduriko 'Ahots Baten' sormen- egonaldian izena emateko epea zabalikEl Diario Vasco
deba.
Ostirala, 21 azaroa 2025
Euskaltzaindiaren Mintzola proiektuaren bitartez, 'Ahots Baten Sormen Egonaldia' antolatu da, sormenerako eta ikaskuntzarako gune bat, 15 eta 22 urte bitarteko gazteentzat, beren talentua hainbat diziplina artistikotan landu eta garatu nahi dutenentzat. Programaren helburu nagusia sormena sustatzea da, parte-hartzaileei sorkuntza artistikoan esperimentatzeko eta ikasteko aukera eskaintzen dien espazio bat sortuz, eta gazteen arteko elkarrekintza eta trukea bultzatuz, harremanak eta lankidetza sareak sortzen lagunduz.
Egonaldian, parte-hartzaileek hainbat diziplinatan sakondu ahal izango dute bertsolaritzan, literaturan, ahozko narrazioan, abestien konposizioan eta antzerkian. Horretarako euskal kulturaren erreferente handiengandik ikasteko aukera izango dute. Gonbidatuen artean daude Intza Alkain aktorea, Odei Barroso raperoa, Amaia Elizagoien narratzailea, Mari Luz Esteban poeta, eta Alaia Martin eta Eli Zaldua bertsolariak. Artistek tailer praktikoak eta aurkezpenak eskainiko dituzte, parte-hartzaileei beren diziplinak bertatik bertara ezagutzeko eta esperimentatzeko aukera emanez.
Egonaldia abenduaren 26tik 30era egingo da, Oiartzungo Arritxulo aterpetxean. Izena emateko epea azaroaren 28ra arte egongo da zabalik, eta interesdunek izena eman beharko dute euskara@deba.eus helbide elektronikora mezu bat bidaliz.
Egonaldian parte hartzeko matrikularen kostua 130 eurokoa da, garraioa, ostatua eta otordu guztiak barne. Debako Udalak zenbait laguntza ekonomiko aurreikusi ditu herriko gazteei parte hartzen laguntzeko. Deban erroldatutako gazteek edo udalerriko ikastetxeetan ikasten dutenek matrikularen kostuaren %50eko laguntza jaso ahal izango dute.