Euskara Elgoibarko kaleetan nagusitu zen
Ehunka lagun elkartu ziren Kalegoen plazan 'Euskaraz bizi nahi dut' flashmoba dantzatzeko
AITOR ZABALA
Jueves, 4 de diciembre 2014, 00:06
Euskararen Eguna inoiz ez bezala ospatu zen atzo Elgoibarren. Hainbat ekitaldi izan ziren Elgoibarko ikastetxe eta kaleetan zehar euskararen erabilera aldarrikatzeko eta bultzatzeko. Ekin- tza guztiak arrakastatsuak izan ziren, nahiz eta eguraldiaren lagun-tzarik ez izan.
Herri Eskolako ikasleak, irakasleak eta gurasoak lehenak izan ziren kalera ateratzen. King-Kong-ean elkartu ondoren 9:30ean, kalejiran atera ziren Elgoibarko herriko kaleetan zehar. Elgoibarko liburutegia bisitatu zuten ere eta 'Jata', hurrengo urtean Elgoibarren ospatuko den Eskola Publikoen jaialdiko maskota, egon zen bisitarien artean. Kalegoen plaza atzean laga eta gero, Lekueder parkera abiatu ziren. Bertan zegoen karpan jai giroa izan zen nagusi. Urko Dj-ak hartu zuen jaialdia girotzeko ardura bere musikarekin eta jokoekin. Errebindikaziorako tartea izan zen ere hainbeste musika eta dantza artean. Ikasle batek, irakasle batek eta guraso batek euskararen erabilera azpimarratzen zuen manifestua irakurri zuten.
Lekueder parkeko giroak herriko beste ikastetxeetan isla izan zuen atzo. Elgoibarko Ikastolak, Mekak eta Institutuak hainbat ekitaldi antolatu dituzte egun hauetan, eta atzo euskararen aldeko jolasek, an-tzerkiak, musikak, zine emanaldiek, kantuek eta dantzek presentzia nabarmena izan zuten ikastetxe hauetako geletan eta areto nagusietan.
Sekulako flashmoba
Arratsaldean ere izan zen zer kontatu Elgoibar. Bi eta bost urteko umeak izan ziren protagonista Kultur Etxeko sotoan. Taupada antzerki taldeak 'Argitxo iratxoarekin berbetan' ikuskizuna eskaini zien hara hurbildu zirenei. Ondoren, ehunka lagun elkartu ziren Kalebarren plazan herriko kaleetan zehar kalejira bati hasiera emateko Inazio Bereziartua musika eskolako musikari gazteen laguntzarekin.
Behin Kalegoen plazan, Euskararen Egunaren manifestua irakurri zuten txandaka eszenatoki gainean zeuden elgoibartar batzuek eta ondoren behean zeuden umeek, gazteek eta helduek flashmoba dan-tzatu zuten elkarrekin, hain famatua egin den 'Euskaraz bizi nahi dut' kantuaren erritmoari jarraituz, euskararen aldeko jaialdiari bukaera ederra emateko.