Ver 39 fotos
Urretxu, karroza, dantzari eta erraldoien erreinu
Euskal Jaiak alaitasun, kolore eta originaltasunez bete zituen kaleak; aurten Barunba eta HDM kuadrillak saritu zituzten
Karroza, dantzari, musikari, erraldoi eta buruhaundien erreinua izan zen atzo Urretxu Santa Anastasia jaien egun handian. Euskal Jaiak hamahiru karroza bildu zituen, lanketa handikoak eta askotariko gaiak jorratzen zituztenak: adimen artifiziala, lorontzi izateari utzi zioten emakumeak, globalizazioaren aurrean tokiko produktuak duen balioa, zahartzaroan amets egiten jarraitzeak duen garrantzia, bizitzaren trena, Agiñako Oleta elkartearen 50. urteurrena, gazteek etxebizitzaren-negozioaren aurrean burujabe izateko dituzten zailtasunak...
Bigarren urtez, Euskal Jaiaren desfilea goizean ospatu zen, arratsaldean izan ordez, egunari etekin handiagoa ateraz eta bere baitan 1.500 lagun bildu zituen bazkari herrikoia ospatuz. Parte-hartze erraldoia zela eta, Urretxuko hiru gunetan egin zen bazkaria: Aldiri kiroldegian, Ederrena pilotalekuan eta Gainzuriko patioan.
Bazkalostean, eguneko beste une garrantzitsuena heldu zen karrozeroentzat, sari-banaketa, non Barunba kuadrillaren 'Hari ikusezinak' karrozak irabazi zuen epaimahai ofizialaren saria. Bertan adimen artifizialari buruz hausnartzera gonbidatzen zuten, Pinotxo pertsonaiaren irudikapen berezi zein landuaren bitartez.
Bigarren urtez, herritarrek ere euren karroza gustukoena hautatzeko aukera izan zuten bozketa herrikoi baten bidez, eta aurten HDM kuadrillaren 'Eutsi diezaiogun barneko ume ameslariari' karrozak irabazi zuen. «Ez dezagun inoiz galdu ume ameslariaren begiradaren distira, lehen amets haien indarra», aldarrikatu zuten egurrez egindako itsasontzi eder baten bitartez.
Gaur jaiak agurtuko dituzte Urretxun 'Kuadrillen egunarekin'.