Legazpi
Bertso saio ederraz gozatzeko aukera izan zen Aztiri Bat elkarteanC.L.
Legazpi.
Asteartea, 4 apirila 2023, 21:24
Joan den larunbatean, gaueko 22:30ean, Aztiri Bat Bertso Saria jokatu zen Aztiriko izen bereko elkartean. «Saioa Osinalde sariketarako kanporaketa izaten da, eta pandemia garaiko bi urteetan Legazpiko Latxartegi aretoan egin ondoren, afalondoreneko formatura itzuli zen», azaltzen dute Aztiri Bat elkartetik. Aurten, honako sei protagonistak izan zituzten: Aner Peritz Manterola (Zarautz) Aitor Ugarte Eriz (Aramaio), Lurdes Ondaro Mallea (Munitibar), Unai Mendiburu Valor (Algorta), Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz) eta Irati Alcantarilla Urdanpilleta (Urruña). Sei bertsolariek hiruna bertso abestu zituzten zortziko nagusian, ondoren beste hiruna zor-tziko txikian, jarraian bina punturi erantzun zioten, hiruna bertso osatu zituzten hamarreko txikian, bakarkako lanean bi bertso kantatu zituzten gehienez hamarreko neurrian, eta amai-tzeko, hirunaka koplatan aritu ziren launa kopla osatu arte.
Epaile lanetan Joxe Arizkorreta, Asier Iriondo eta Nekane Gonzalez aritu ziren, eta Osinalde sariketako finalerako bi sailkatuak Aner Peritz eta Irati Alcantarilla izatea erabaki zuten. «Entzuleek ere izan zuten euren gustukoena izendatzeko aukera, eta Aztiri Bat saria Irati Alcantarillaren-tzat izatea bozkatu zuten. Saria Joxi Agirrek eman zion Aztiri Bat elkartearen izenean», aditzera ematen dute.
«Saioa gorabeheratsua izan bazen ere, sei bertsolariek utzi zituzten ale onak eta bertsoaldi dotoreak entzuteko aukera izan genuen. Umoreak ere izan zuen tarterik, baina bakarkako lan sakonak entzuteko parada ere izan zen Aztiri Bat elkartean. 60 bat lagun elkartu ginen guztira, eta entzuleek bero hartu zituzten bertsolari gazteak, ez zen txalorik falta izan», nabarmentzen dute. Horrenbestez, erabakita daude Osinalde sariketan abestuko duten sei finalistak; aipatutako bi horiez gain, Ordiziako Argi Berri Sarian sailkatutako Oihana Arana eta Lander Arizmendi eta Osinberde sarian, Zaldibian, hautatutako Xabat Illarregi eta Unai Izagirre izango dira apirilaren 15ean Gabirian.