Ezkio
Badatoz txalaparta tailerra, kontzertua dolarean eta 'Sagardo Astea' IgartubeitiraIkasturteari gogotsu emango diote hasiera baserri museoan, bertako altxorrez disfrutatzeko aukera anitzak eskainiz
Ekintza anitzekin emango diote hasiera ikasturteari Igartubeitin. Horien artean, belaunaldien tailerrak izango dira. 'Jakintzen Hibridazioa' ekimenaren hirugarren saioa antolatu dute. Igartubeiti Baserri Museoak, Saint-Laryko Turismo Bulegoak eta Ayerbeko Udalak abiarazi dute elkarrekin Patrim 4.0 sarearen barruan. Hurrengo tailerrak 'Kirikoketa erritmotik txalapartara' izena izango du. «Garai batean sagarraren zukua lortzeko hauek pisoiekin eta kirikoketa erritmoan kolpatzen ziren dolare baserrietan.
Lan hau musika bihurtu zen eta gaur egun txalaparta dugu honen lekuko. Zurartean Txalaparta Elkartearekin kirikoketa berreskuratu eta txalapartaren bitxikeriak ezagutzeko aukera izango dugu, hau jotzen ikasiz belaunaldiarteko topaketa honetan», iragartzen dute, saio berezi honetan parte hartzera animatuz. Helduentzat eta 9 urtetik gorako haurrentzat diseinatutako jarduera da.
Izen-emateak zabalik daude eta doako ekintza da. Igartubeiti@gipuzkoa.eus helbide elektronikora idatziz, 618 00 41 31 WhatsAppera zuzenduz edo 943 72 29 78 telefonora deituz apuntatu daiteke.
Antioko Musikaldiaren baitan
Bestalde, urriaren 4ean, arratsaldeko 18:00etan, Sagel taldeak 'Itsaso bat esku artean' ikuskizuna eskainiko du Igartubeiti baserrian, Antioko XLII. Musikaldiaren baitan.
«Tradizioa gara edo tradizioak egiten gaitu? Tradizioak olatuka funtzionatzen du edo guk sortzen ditugu tradizioaren olatu berri horiek? Iñaki Letamendia atabalariak, Andoitz Antzizar trikitilariak, Izaro Markotegi abeslariak eta Oinkari dantza taldeko kideak trikitixaren atzoko eta gaurko munduak uztartuko dituen ikus-entzunezko bidaia oparo bat eskainiko dute, sorpresaz betea, non ikusleak ez duen bidaiatik jaitsi nahi izango», aditzera ematen dute ikuskizunari buruz.
Autobusa jarriko da Zumarragatik bertara joateko. Jarduera doakoa da baina izen ematea beharrezkoa izango da lehen adierazitako posta eta telefonoen bitartez.
'Sagardo Astea'
Guzti honekin batera, 'Sagardo Astearen' prestaketa lanetan hasiak dira Igartubeitin. Urriaren 8tik 18ra baserriko habe dolarea martxan ipiniko da, XV. mende erdialdeko baserritarren ohiko prozedura jarraituz, dolareko lana berreskuratuz eta jendeari jarduera haren berri zuzenean eta zehatz-mehatz eskainiz. «Esperientzia paregabe hau bizi nahi baduzu... izen ematea irekia dago jada», jakinarazten diete bertako eta inguruetako herrietako bizilagunei.