Aritz Egea (Korrikalaria): «Munduan zehar bidaiatzeko aitzakia ere izan da kirola»
Triatloietan aritu ostean, mendi lasterketetan dabil orain Ezkio-Itsason bizi den urretxuarra
MIYAM GALILEA
Jueves, 18 de agosto 2016, 00:19
Euskal Selekzioko 32 urteko korrikalaria dugu Aritz Egea, Urretxun jaioa eta gaur egun Ezkio-Itsason bizi dena. Triatloiekin hasi eta mendi lasterketetara pasatu zen orain dela lau bat urte, kirol modalitate honetan ere emai-tza bikainak lortuz. Mundu mailako korrikalari hau hobeto ezagu-tzeko berarekin hitz egin nahi izan dugu.
-Orain dela urte batzuk triatloiak utzi eta mendi lasterketetara pasatu zinen. Zergatik aldaketa?
-Triatloiekin Hawairaino iritsi nin-tzen eta horrekin amaitzerakoan erronkarik gabe geratu nintzen. Orduan gauza berrien bila mendira pasatu nintzen; gainera, askoz ere entrenamendu gutxiago behar zituen eta familiarekin bat egiteko ere askoz errazagoa zen.
-Egunean zenbat denbora ematen duzu entrenatzen?
-Astean hamar ordutik behera izaten dira; bospasei egun, ordu edo ordu eta erdi asko jota eta asteburuetan zerbait gehiago. Askotan jendeak ordu dexente gehiago pasa-tzen ditu telebista ikusten... nik entrenatu egiten dut.
-Zein da gehien gustatzen zaizun bidea entrenatzeko?
-Orain beti Izazpi inguruan entrenatzen dut etxetik gertu daukadalako, baina egia esan Irimotik Zazpi Puntara tarte hori gertu daukagun lekurik politena iruditzen zait. Izan ere, Zazpi Puntek zerbait berezia daukate.
-Lasterketarik gogokoena?
-Osotasun batean Zegama, bertan dagoen jendeagatik batez ere, ibilbidea ez da itsusia, politagoak ezagutzen ditut, baina bertan dagoen jendetza eta ikusleek berezia egiten dute.
-Kirolari esker asko bidaiatu al duzu?
-Bai. Kirola asko gustatzen zait baina aitzaki bat ere bada. Triatloiekin urtero baten bat egitera ateratzen nintzen kanpora, eta orain zortez Euskal Selekzioan nagoenez urtero ere lauzpabost aldiz behintzat joateko aukera daukat. Aurreko urtean adibidez Hong Kong-era joan nintzen eta ziur asko korrikagatik ez balitz bertan ez nintzateke sekula egongo.
-Zein da zure hurrengo erronka?
-Egia esan denboraldia oker xamar doa, entrenatzen gustura nago baina konpetitzeko motibazio handirik ez dut eta denboraldi bukaerarako ez dakit zer egingo dudan. Ziur asko Munduko Kopa azken lasterketa izan da baina honetaz gain...
-Aukera ikusten duzu profesionalki kirol honetara dedikatzea?
-Egia esan sekula ez da nire helburua izan kiroletik bizitzea eta ikusten dena da kirol honetan bizi bizi ondo bizi den bakarra Kilian Jornet dela. Badago jende profesionala baina justu justuan dirua lortzen dute bizitzeko. Nik uste dut ez duela merezi, baina badago jendea hortan saiatzen ari dela.
-Ilusio gehien egin dizun lasterketa edo saria?
-Egia esan irabazitako karrera baino gehiago, gustura ibilitakoak daude; azkenean irabaztea lehiakideen araberakoa izaten da. Munduko Kopan podiuma daukat 4., 5. eta 6. amaituta klasifikazio generalean. Aurreko urteko Zegamako 4. postuak ere beste askok baino askoz ilusio gehiago egin zidan.
-Izazpiko lasterketa irabazi zenuen aurten Ezkion, baina 1982. urteko erronka ez zenuen gainditu. Hurrengo urtean saiatuko zara berriro?
-Seguraski ez. Bi arrazoiengatik: alde batetik oso zaila da marka hori gainditzea eta, bestetik, hori saiatzeko prestatu behar da espreski eta ni beste kontu batzuetan nabil. Gainera, aurten adibidez, Zegama baino bi aste lehenago izan da eta aldapan behera minik hartzeko asmorik ez daukat.
-Aurrera begira, zeintzuk dira hurrengo erronkak?
-Kirolarekin disfrutatzea da nire erronka. Denarekin bat egiten dudan bitartean hementxe jarraituko dugu eta egunen baten seguraski umeak handitzen doazen heinean utzi beharko dut eta beraiei jarrai-tzen hasi. Baina helburua horixe da, disfrutatzen jarraitu eta datorren urterako ea motibazio berriren bat topatzen dudan aurrera egiteko.