Aritz Kortabarria hogeigarren sailkatu da Antzuola sarian

Aritz Kortabarria, Herriko plazako helmugan. Eskuinean, Calle eta Elosegui helmuga gainditu eta berehala. / KARLOS BALEZTENAREN ARGAZKIAK
Aritz Kortabarria, Herriko plazako helmugan. Eskuinean, Calle eta Elosegui helmuga gainditu eta berehala. / KARLOS BALEZTENAREN ARGAZKIAK

Eulen taldeko antzuolarra tropel nagusian heldu zen eta Iñigo Elosegui garaileak minutu bat eta sei segundo kendu zizkion

Joseba Lezeta
JOSEBA LEZETA ANTZUOLA.

Aritz Kortabarriak karrera polita osatu zuen Antzuola Saria-Iñaki Leteren Oroimenezkoan, domeka goizean. Hogeigarren helmugaratu zen antzuolar parte-har-tzaile bakarra. Hogeita hiru urtez azpikoetan diharduen bestea, Mikel Arregi, ez zen irten. Sorbaldako lesioa ez du oraindik erabat sendatu.

Hogeita hiru kideko tropel nagusian ailegatu zen Eulen taldeko kide den Aritz Kortabarria. Irabazleak, Iñigo Elosegui bizkaitarrak, minutu bat eta sei segundoko aldea atera zion, 120 kilometroko ibilbidea 41,190 km/h-ko abiaduran bete ondoren. Deskarga onenekin batera igo ondoren, Asentzion ezin izan zion Kortabarriak haien erritmoari eutsi.

Asentzion gora tropela sakabanatu ondoren, Kanpazartik Epelera jaitsi ondoren, bederatzi lagun geratu ziren buruan. Haien artean erabaki zen irabazlea. Duela aste pare bat Espainiako txapelketa irabazitako Elosegui nagusitu zen sprintean. Lizarte talde nafarrekoa da, Movistar-en harrobikoa hain zuzen ere. Juan Fernando Calle kolonbiarrari aurrea hartu zion sprint estuan. Azken metroetan erabaki zen, Ostatuko izkina pasa ondoren; Caja Ruralekoa da Calle.

Mendia, Murgiondorentzat

Jokin Aranburu zarauztarra -Ampo- sailkatu zen hirugarren eta, haren taldekide, Xabier Murgiondo oñatiarra, zazpigarren. Mendiko sailkapena bereganatu zuen Murgiondok Asentzioko gainetik aurrena igaro eta gero.

Antzuolan emaitza onak ditu Iñigo Eloseguik. Junior mailan, Uzarragako igoera irabazi zuen 2015ean, duela hiru denboraldi. 2016an, berriz, bigarren helmugaratu zen, Xabier Murgiondo oñatiarraren atzetik hain zuzen. Elkar ondo ezagu-tzen dute, beraz.

Egun, Astana taldearekin World Tourrean lehian diharduen Pello Bilbaoren pausoak jarraitu ditu horrela Eloseguik. Gernikarrak Uzarragan jaso zituen besoak 2008an eta, hurrengo urtean, 2009an, errepikatu zuen Herriko plazan Iñaki Leteren oroimenezkoan.

Taldekako sailkapenean, Aldro nagusitu zen domekan, Caja Ruralekin eta Amporekin lehia estuan. Bi segundoko aldea atera zieten. Gertu zen baita Lizarte, lau segundora.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos