Aretxabaleta
Karmele Igartua sorkuntza lehiaketaren XV. edizioak poesia sarituko duPoemek 500 eta 800 lerro artekoak izan behar dute, gaia librea da eta lanak aurkezteko epea azaroaren 24ra arte zabalik dago
Udalak eta Bergarako Idazle Eskolak Karmele Igartua Sorkuntza Lehikaketaren XV. edizioa jarri dute martxan. Aurtengo edizioan, lehiaketa honek euskaraz idatzitako poesia-lanak sarituko ditu, eta 16 urtetik gorako edonork hartu ahal izango du parte. Parte-hartzaile bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahal izango du, eta lanek jatorrizkoak izan behar dute, aurretik argitaratu edo saritu gabeak. Oinarriak zehazten duenez, poemek gutxienez 500 eta gehienez 800 lerro izan behar dituzte. Gaia, berriz, librea izango da.
Lanak posta arruntez zein posta elektronikoz bidali daitezke. Azken eguna 2025eko azaroaren 24a izango da korreo postalez bidaltzeko, eta azaroaren 23ko gauerdia posta elektronikoa bidaltzeko. Epaimahaia Bergarako Idazle Eskolak osatuko du, eta irabazlea 2025eko abenduaren 20a baino lehen jakinaraziko da.
Irabazleak 2.500 euroko saria jasoko du, eta saritutako lana Aretxabaletako Udalaren eta Bergarako Idazle Eskolaren jabetzakoa izango da, egile-eskubideak errespetatuta.
Epaimahia hiru kidek osatuko dute: Bergarako Idazle Eskolako Itziar Gomez Segurak eta Felipe Juaristi eta Pako Aristi idazleek
Konbentuan
Saribanaketa abenduaren 20an egingo da eguerdiko 12:00etan lehen aldiz konbentuan estreinatu berria den Karmele Igartua aretoan.
Iazko edizioan euskaraz idatzitako ipuinak saritu ziren eta Gotzone Butron Kamiruaga (Lezama, 1965) bizkaitarrak irabazi zuen 'Kaiolatuak' izeneko lanarekin.
Guztira, hamazazpi lan aurkeztu ziren, 10-15 orri bitartekoak.
Irabazleari Bergarako Idazle Eskolak eskaintzen dion sariak bi dira; batetik, bere lanak www.idazten.com orrian argitaratzea, eta, bestetik, hurrengo urtean Idazle Eskolak antolatutako edozein modulutan parte hartzeko aukera, matrikularik ordaindu gabe.
Euskarazko literatur sorkuntza lehiaketa Bergarako Idazle Eskolak jarri zuen abian duela 15 urte, eta azken 9 urteetan Aretxabaletako Udalaren babesa du. Poesia, ipuna, antzerkia edo haur literatura saritzen ditu urtez urte.
Sorkuntza lehiaketa honen lehenengo irabazlea, 2009an, Karmel Igartua (1959-2010) poeta atxabaltarra izan zen.
Hiru poesia liburu publikatu zituen 'Poesia bizitzeko eta sentitzeko modua da', 'Itsaso kontra bat' eta 'Denbora enaren hegaletan', Udalak 2022an bilduma baten berargitaratu zituen.
Igartuak haur antzerkia eta narratiba ere landu zituen.