Jubenilen futbol taldeak derbia irabazi du eta Iker Larrea atleta, bigarren Ordizian
AKEkoak 2-4 nagusitu dira Ipintzan eta korrikalaria master mailako podiumera igo da
Antzuola Kirol Elkarteko jubenil mailako futbol taldeak ligako bigarren garaipena eskuratu du Bergara Cren aurka Ipintzan jokatutako neurketan. Imanol Gabilondok bi gol sartu zituen eta Unax Altzelaik zein Iker Etxanizek bana. AKEko futbolariek asteburuan izan duten partida bakarra da. Eztalan, adibidez, ez zen bat bera ere jokatu.
Iker Larrea korrikalaria, bestalde, bigarren sailkatu da Ordiziako Txindoki kroseko master mailan. Unai Señoran nagusitu zen eta Cipriano Burciok bukatu zuen hirugarren. Bera bezala Goierri Garaia taldeko kide den Ibai Larrea Espainiako selekzioarekin kontzentratuta egon da Leonen asteburuan.