Galeano ahizpak eta Olatz Insausti garaipen barik itzuli ziren Gabiriatik
Master Laboral Kutxako finalak galdu zituzten, pilota mistoarekin bikoteak eta goxuarekin Olaldeko hirugarren kideak
Master Laboral Kutxa lehiaketako finalak okertu egin zitzaizkien Olalde klubeko kideei zapatu arratsaldean Gabirian. Garaipenik gabe itzuli ziren hiru neska pilotariak etxera.
Nagore eta Leire Galeano gertu egon ziren pilota mistodun promozio mailakoan, baina azkenean etsi egin behar izan zuten Ainhoa Romero lemoarraren eta Irati Zabala lizartzarraren aurka. Bikote antzuolarrak 13-5 aurrea hartu zuen, baina zortzi tanto ilaran egin zituzten aurkariek. Berriz bi tantoren aldea hartu arren, 15-13, azken bostak beste aldera erori ziren.
Emozio gutxiago bizi izan zen Olatz Insaustik, Irati Betegi atxabaltarra lagun zuela, pilota goxuarekin jokatutako promozio mailako finalean. Aiala Uriarte eta Uxue Pérez lezamarrak 18-9 nagusitu ziren.
Liburuaren aurkezpena, gaur
'Sendabelarrek dakitena' liburua aurkeztuko dute Torresoroan gaur arratsaldeko seietan. Garbiñe Larrearen lana da, 45 sendabelarren propietateak ezagutzeko eta osasunaren mesedetan erabil-tzeko informazio zehatza jaso-tzen duena. Ukenduak, tinturak, infusioak eta abar autonomiaz egiteko azalpenak ematen ditu.
«Sendabelarren inguruko ezagutzan sakontzea, ikasitakoa eta jasotakoa elkarbanatzea, ekarpen berriak egitea, euren toxizitatea eta albo kalteak ezagutzea eta, batez ere, gure egunerokotasuna aberasteko balioko diguten ezagutza praktikoak eskuratzea» du helburu liburuak.