Borrar
CULTURA

Gozamena, estuasuna, enpatia, zalantzak eta potolokeriak

F. I.

Jueves, 5 de diciembre 2013, 01:32

Txapeldunak, Maialen Lujanbiok, itxura lasaia eman zuen atzo. «Egunaren gozamena eta lanaren estuasuna konbinatzea da helburu pertsonal eta kolektiboa. Egun berezia da euskarazko sorkuntzarako. Euskaldungoak goza dezala eta izan dadila bultzada euskalgintzan eta kultur sorkuntzan. Dena dela, oinarri nagusia ezin dugu bistatik galdu, eta oinarri hori plazako saioak dira. Hala ere, badakigu txapelketak indarraldi bat eman diezaiokeela bertsogintzari, eta horren baitan kokatzen dugu geure burua, anbizio pertsonalak ahaztu gabe, jakina. Jakitun gara txapelketak zer suposa-tzen duen euskaldungoarentzat eta baita erdaldun jendearentzat ere. Uholdea pasako da eta jarraituko dugu plazaz plaza».

Lujanbiok gertutik jarraitu du txapelketa: «Segitu dut bertsozale bezala, zenbait saiotan izan naiz eta bertsoa-com bidez ere ikusi izan dut. Inplikazio maila dezenterekin ibili naiz, nire lagunak ari direlako azken batean. Enpatia handia sentitu dut, jakina».

Finaleko beteranoena Unai Iturriaga da, 39 urte dituelarik. Bertsolari Txapelketa Nagusian lau aldiz izan da finalista eta 2005ean txapeldunorde gelditu zen, Andoni Egañaren atzean. «Egun berezia izango da. 1993an izan nuen Euskal Herriko lehen finala, eta orduan gazteena nintzen. Pozgarria izan zen orduko hura, eta oraingoa ere bai. Beti esaten dugu gurea talde-lana dela, apaizak ematen dugu, baina hala da. Baina ikusita gaur egun publikoki ari den jendearen desprestigioa -politikariak, finantzen mundukoak...-, zelan da posible gure moduko jardun xume honek halako arrakasta eduki-tzea? Uste dut zaleek proiektatzen dituztela gugan balore batzuk. Eta zergatik krisi garai honetan inoiz baino lehenago bukatu finaleko sarrerak? Gure jardunean ez dago iruzurrik, play-backik, silikonarik; ez dut beste esplikaziorik topatzen».

Beste bizkaitarra, Igor Elortza, honela mintzatu zen: «Gogo handia neukan nire onena emateko. Orain artekoarekin pozik nago. 2009tik 2013ra gauzak asko aldatu dira: orduan urruti ematen zuen krisiak, eta Bateraguneko bostak eraman zituzten atxilotuta. Orain krisia gure etxean dago eta ziurgabetasun garaia bizi dugu, garai lausoagoa. Bertsogintzaren alorrean, 'sinesgarritasuna' da hitza. Epika gutxiago ibili behar dugu eta neurri humanoagoan jardun. Hala ere, egoera paradoxikoa izango da; finala, berez, gauza epiko eta euforikoa baita».

Elortzak sentipen kontrajarriak izan omen ditu txapelketan zehar: «Tolosako saiora zalantza handiak nituela joan nintzen. Aurrena neure burua konbentzitu behar nuen, eta lortu nuen. Handik aurrera beste konfiantza batekin jardun nin-tzen».

Eta Aitor Sarriegik, berriz: «Egin dezaket pentsatzen dudana. Eta pentsatzen dut hala gertatuko zaigula denoi». Finaleko gazteena Beñat Gaztelumendi da, 26 urte dituelarik, eta hain zuzen adinari buruz hitz egin zuen atzoko agerraldian: «Hemen nahiko nabarmen dago zein den gazteena. Nire belaunaldiko lehena naiz finalera iritsi dena, eta horrek esanahi berezia dauka. Final guztietan izaten da aurpegi berriren bat, eta oraingoan neu naiz. Nahiko momentu onean harrapatu nau txapelketak, egia da, eta neretik eman nahi dut. Belaunaldiaren isla bat izan nahi dut. Hala ere, txapelketa honetan falta izan zait saio bat osorik ona egitea. Bakarkakoetan ongi ibili naizenetan, ofizioka beharbada ez hain ongi. Eta alderantziz. Hain zuzen ere, finalean egin nahi nuke saio guztiz on hori. Euskal Herri honetan poz kolektiborako aukera gutxi izan ohi dira, eta finala horietakoa izatea nahi nuke. Ni neu, urduri nagoenetan handitasunerako eta potolokeriarako joera izaten dut, eta final honetan saiatuko naiz konkretutasunaren barruan jarduten».

Aitor Mendiluzek «koloretako bertsoak eta maila onekoak» espero ditu final honetan. «Maila pertsonalean ez nago oso pozik txapelketan egindakoarekin», jarraitu zuen.

Amets Arzallus hautagai da txapela eramateko. Orain lau urte, berak jardun zuen Lujanbioren ondoan azkeneko txanpan. Eta faborito izate horretaz galdetu zitzaionean honela jardun zuen hendaiarrak: «Erlatibizatu egiten dut. Txapelaren kontuak ez nau gehiegi kezkatzen. Distantziaz begiratzen diot. Eta uste dut txapelak argitik bezainbat duela itzaletik». Eta hau gaineratu zuen: «Euskal Herriko zazpi ertzetatik etor-tzen da jendea hona. Hizkuntza, indentitate eta sentimendu festa izaten da finala. Nahi nuke hemengo grina horrek hauspotuta joatea jendea etxera».

Eta Sustrai Colinak: «Espero dut orain arte egindakoa berrestea eta pare bat koska gora egitea. Baita ere, nahi nuke bertsorik ez alferrik galtzea ni naizen hori erakusteko. Finala ohore eta harrotasuna da guretzat».

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Gozamena, estuasuna, enpatia, zalantzak eta potolokeriak