Borrar
Ramoni Elizazu alargunari lore sorta eman zioten atzoko aurkezpenean. :: ARIZMENDI
CULTURA

«Profeta baten ahotsa entzuten da Lexoren mintzoan», dio Pello Esnalek

Iazko martxoan hil zen bertsolari honi liburua eskaini dio Auspoa sailak, berekin CDa dakartzana

FELIX IBARGUTXI

Jueves, 28 de marzo 2013, 02:22

Xanti Zabala 'Lexo' zenaren bertso bilduma handi bat eman da argitara 'Auspoa' sailaren barruan. 'Udaberriz' du izenburu eta lau hamarkadatako aleak bildu dira bertara. Horietako asko bertso jarriak dira. Jakina denez, arlo horretan maisu handienetako bat izan baitzen 'Lexo', hainbat sari irabazi zuelarik. Liburuak CDa dakar berekin, bat-bateko bertsoak eta jarriak eskaintzen dituelarik, zaharrenak 1963koak, berrienak 1993koak.

Atzo aurkeztu zen liburua Lezoko udaletxean, alkatea, Ainhoa Zabalo, bertan zela. Antonio Zavala hildakoan, Foru Aldundiak hartu zuen bere gain 'Auspoa' bilduma, eta atzoko ekitaldira Garazi Lopez Etxezarreta, Kultura zuzendaria azaldu zen.

Nikolas Aldai transkribatu ditu bertsoak eta bereak dira iruzkinak ere. Liburuaren hitzaurrea, berriz, Pello Esnalek idatzi du.

Lexok ezin izan zuen emaitza ikusi. Liburua oso aurrera zihoala, iazko martxoan, hil egin zen.

Pello Esnalek hitzaurrean idatzi duenez, eta atzokoan jendaurrean esan zuenez, Lexo ez da bakarrik bertso-jartzaile izan: «Bertso-jar-tzaile oso ugari eta oparoa izan da. Zenbat bertso-jartzailek idatzi ote du horrenbeste bertso? Baina, bertso-jartzaile ez ezik, bat-bateko bertsolari zen. Lexoren kasuan, bat-bateko bertsolaria dago bertso-jar-tzailearen oinarrian. Bertsolari baten bertsoak dira liburu honetakoak. Bertso askok eta askok berekin dute bat-batekotasunaren zantzua: gaia bidera atera orduko jarriak dira, bertsolari bati dagokion bizkortasunez. Horregatik da, besteak beste, horren oparoa Lexoren bertsogintza».

Esnalen iritzirako, «profeta baten ahotsa entzuten da Lexoren mintzoan. Egunerokoak hozka eginda egiten du Lexok hoska. Eguneroko neguaren lekuko da. Eta, eguneroko zurrunbiloan, etika du oinarri, justizia gidari, eskuzabaltasuna lege. Hori nahikoa da, geroko zerurik ez balego ere». Eta, horren froga, hitzaurregileak bertso hau aukeratu du: «Ustelduz goxatutzen den / fruitua da mizpira. / gainerako denak doaz / zabortegi saskira. / Geure burua ta bestez / nahi badugu aixkira, / behar duenari eman / laguntza, ez azpira. / Bide horrek garamatza / zeruko mahastira. / Eta zerurik ez balitz, / on egina aski da».

Liburuko hitz-atzea Nikolas Aldaik idatzi du, eta kontatzen du Lexorekin izandako harremana: «2011n izan genituen liburu hau bidera-tzeko lehen harremanak. Xantik ez zidan aparteko ezer aipatu. Ezta biriketako fibrosia zeukanik ere. Behin, bertso denak ordenagailuan sartuta, 2012ko Aste Santu ondorengorako gelditu ginen, liburuari forma ematen hasteko. Nik proposatu nion berak idaztea bertsoen aurkezpenak, eta berak baietz, baina hitzaurrea nik egitekotan. Horrela, konforme biok. Denborak, ordea, ez digu aukerarik eman».

Xanti Zabala 'Lexo' 2002an aurre-jubilatu zen, hirurogei urte betetzean. Bidasoako ospitalean egindako behaketa batean biriketako fibrosia aurkitu zioten. Baina neumologoak esan zionez, «auskalo noiztik duzun hori!».

Apenas jakin zuten jatorria zehazten. Agian, katarro gaizki sendatu baten ondorio ere izan zitekeela uste zuten medikuek.

«Ni erre egin behar nauzue. Eta errautsak nire sortetxe inguruan zabaldu», esan omen zien emazteari eta semeari, hiltzeko zegoela jakitean. Errautsak jaiotetxearen gainaldeko zelai batean zabaldu ziren. Izan ere, Gaintxurizketa baserria zegoen lekuan, biribilgune handi bat dago gaur egunean.

Hona hemen liburuko sorta baten lehen zatia (berez hamabi bertso dira). 1992ko data darama. Lexoren bertsogintza egoki islatzen du. Doinua: 'Hegoatik Iparrera' (Zortziko Zaharra).

Zein mezuren udaberri ote dakarzu, Kuku?

Zure ku-ku hotsak badu horrenbeste ezkutu.

Misterio barru hori nahi nuke ezagutu.

Berri onik ez baduzu, egon zaitea mutu.

Aurten ere etorria, urteroko antzera,

ote zatoz behin betiko gure penak kentzera?

Hainbat amets egin ohi dut zure ku-ku hotsera.

Bat, euskaldun batasuna goazela lortzera.

Euskararen arazoa dabilkigu auzitan.

Ofizialki onartua, erabili gutxitan.

Denok hitzez bere alde, bera preso hesitan.

Zure ku-ku bezain libre bedi toki guzitan.

Euskal Herri bihotzeko, Euskal Herri nirea,

noren erruz zaude ezin aurkiturik bidea?

Aberrien nortasunez duzu eskubidea.

Ku-ku hotsa bezalaxe izateko librea.

Herri baten arimaren funtsa hizkuntza bada,

zein deabruk eragin du gurean hainbat traba?

Odolaren mintzorikan gabeak ote gara?

Kukuak du ku-ku hizkuntz, euskaldunok euskara.

Euskaldunak asko gara, egiazkoak zenbat?

Non aurkitu sentipenak saltzen dituzten dendak?

Euskararen arrakastak zer-nolako eztandak,

maitatzeko gai bagina Kukuak ku-ku hainbat!

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Profeta baten ahotsa entzuten da Lexoren mintzoan», dio Pello Esnalek

«Profeta baten ahotsa entzuten da Lexoren mintzoan», dio Pello Esnalek