Atez ateko bilketaren inguruko parte-hartze prozesua abian Ormaiztegin

Zonaldekako bilerez gain, udaleko langileekin, jubilatuekin, merkatariekin, gazteekin edota eskolako kideekin ere bilerak egingo dira

DVORMAIZTEGI.
Atez ateko bilketaren inguruko parte-hartze prozesua abian Ormaiztegin

Hondakinen % 80 baino gehiago birziklatzea helburu hartuta eta orain artean ezagutzen diren sistemen artetik emaitzarik onenak ematen dituela iritzita, Ormaiztegin ere, Legorretan, Zaldibian, Itsasondon eta Seguran bezala, atez ateko sistema berria eta pertsonalizatua ezartzeko prozesuan, lehen urratsak ematen hasi dira. Hala adierazi zuten Azeari Andonegi Sasietako Mankomunitateko presidenteak eta Rosa Mari Urkia Ormaiztegiko alkateak ostegunean Ormaiztegiko Kultur Etxean lehen parte-hartze bileraren aurretik egindako agerraldian.

Urkiak azaldu zuenez, hainbat hilabete igaro dira Udalak herrian hondakinak gaika biltzeko ahalik eta sistemarik egokiena jarriko zuela adierazi zuenetik: «Orain dela aste batzuk ezagutu genuen Spora enpresak egindako bideragarritasun azterketa. Eta azterketa horretan agertu diren datuak aztertu ostean, ekonomia, iraunkortasun eta ardura irizpideak lehenetsiz, atez ateko sistema pertsonalizatua martxan jartzeko lehen urrats ematen hasi gara».

Ormaiztegiko alkateak azaldu zuenez, gainera, Ormaiztegin hondakinak gutxitze aldera beste egitasmo batzuk ere hasiak dituzte. Horietako bat da auzokonposta egitasmoa: «Sasietarekin elkarlanean bi esperientzia piloto jarri ditugu martxan. Bi auzokonposta gune ditugu herrian eta bakoitzean 10 familia inguruk hartzen dute parte. Oso arrakastatsua izan da orain artekoa, eta eskaria badagoenez, aurrera begira auzokonposta herriko beste gune batzuetara ere zabaltzeko asmoa dugu».

Parte-hartze prozesua

Sasietak hainbat parte-hartze bilera burutuko ditu Ormaiztegin hondakinen bilketaren diseinua nolakoa izango den erabakitzeko. Izan ere, Sasietak proposatzen duen eredua irekia da eta hainbat alderdi herritarrekin batera eztabaidatu eta erabakitzeko aukera ematen du.

Hondakinen gaikako bilketa sistema berria martxan jartzeko beraz, hilabete inguruko parte hartze prozesua egingo da lehenik. Nola Eskola enpresak Sasieta Mankomunitatearekin eta Ormaiztegiko Udalarekin elkarlanean diseinatutako prozesua ostegunean bertan abiarazi zen lehen bilerarekin. Azeari Andonegi Sasietako presidentearen esanetan, helburu nagusia gaikako bilketa sistema jarri aurretik informazioa helaraztea da, baina era berean, hainbat gairen inguruan herritarren iritzi, ekarpen eta proposamenak jaso nahi dira. Herritarren parte hartzea ahalik eta handiena eta eraginkorrena izan dadin, hainbat lan talde osatu dira. Zonaldekako bilerez gain, udaleko langileekin, jubilatuekin, merkatariekin, gazteekin edota eskolako kideekin ere bilerak egingo dira. Saio guztiak amaitu ostean, batzar irekia egingo da, herritarren ekarpen guztiak jaso ostean, hondakinen bilketarako sistema definitiboa aurkezteko.

Rosa Mari Urkia alkateak herritarrei dei egin zien prozesuan inplika daitezen eta datozen egunetarako antolatu diren bileretan parte har dezaten, argi baitauka egitasmo honek herri iraunkorragoak eraikitzeko balioko duela: «Herrian jartzera goazen zabor bilketa berriaren bidez, % 80 baino gehiago birziklatzea lortu nahi dugu, baina horretarako herritar guztion ahalegintxoa beharrezkoa izango da. Emaitza hori lor dezakegu guztion artean eta horrexegatik prozesu honetan aktiboki parte hartzera gonbidatu nahi ditut herritar guztiak».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos