Andoni Egañak piano-jotzaile batekin sortu du ikuskizun berria
Xabier Lizasorekin batera 'Bi arreba' jarriko du laster abian, Xenpelar eta Chopini buruzkoa
FELIX IBARGUTXI
Miércoles, 19 de septiembre 2012, 04:10
Andoni Egaña bertsolariak eta Xabier Lizaso piano-jo-tzaileak 'Bi arreba' ikuskizuna sortu dute, bertso jarriak eta bat-batekoak eta Chopinen musika uztartzen dituena. Azaroaren 1ean izango da estreinaldia, Bilbon, eta 22an Andoaina iritsiko da.
XIX. mendeko bi gizonen inguruan ardaztu da ikuskizuna: Fran-tzisko Petrirena 'Xenpelar' bertsolaria (1835-1869) eta Fryderyk Franciszek Chopin konpositorea (1810-1849). Era askotako materialak izango dira ikuskizunaren barruan. Batetik, Andoni Egañaren bertsozko kontakizun bat, Xenpelar nahiz Chopini buruzkoa. Baita ere, izango da Xenpelarren bertsorik, Egañak kantatuak Lizasoren laguntzarekin, eta Egañak okasiorako idatzitako beste batzuk ere bai. Halaber, ikuskizuna eskaintzen den herriaren araberako ale batzuk ere kantatuko ditu zarauztarrak. Eta «inprobisatu ere egingo dugu Xabier eta biok, nola ez dakigu, horixe da inprobisazioaren maila gorena, ez jakitea nola inprobisatu behar dugun ere. Azken batean, inprobisatu gabe bertsolaria ez da oso lasai geratzen», esan zuen bertsolariak atzoko aurkezpenean.
Xabier Lizasok, berriz, Chopinen aire batzuk joko ditu. Baina Chopinen doinuekin ez da bertsorik kantatuko. «Pena izango litzateke bertsoekin musika hura narrastea», esan zuen Egañak. Eta jarraitu zuen: «Espero dut bertsozale asko etor-tzea eta haluzinatzea pianoarekin, eta baita ere pianozaleek bertsolaritzaren beste ikuspegi hurbilagoko bat izatea».
Lehen pausoa, Lizasok
Ikuskizuna sortzeko garaian, Xabier Lizasok eman zuen lehenengo pausoa. Lehengusu batek (Jose Luis Loidik) esan zion bere piano-jarduna ondo ezkon zitekeela bertsoekin eta, halaxe, hari jaramon egin eta Lanku-ra jo zuen. Bertsozale Elkarteak sortutako enpresa da Lanku, eta batzuen eta besteen bertso-saioak kudeatzea du ohiko lana. Lankun Egañarengan pentsatu zuten, lehen ere ibilia delako beste diziplina batzuetako artistekin.
Elkartu ziren Egaña eta Lizaso bigarren honen etxean, hizketan hasi eta Zarauzko bertsolaria konturatu zen piano-jolea Chopinen oso zalea zela. Musikariaren hitzak entzunda, Egañak pentsatu zuen Chopin eta Xenpelar antzekoak zirela. «Biak garaikide izan ziren, biak hil ziren gazterik (Xenpelar 34 urte zituela, Chopin 39rekin), biak ziren Estaturik gabeko nazioetakoak, biak ziren bere hizkuntza propioa zutenak, biak ziren neurri batean berritzaile, eta Chopin nabarmen, baina baita Xenpelar ere, batez ere metrika eta doinuetan. Eta gainera belarrira ondo jotzen du: 'Chopin eta Xenpelar'. Hil aurreko azken egunetan, bakoitzari bere arreba bat etorri zitzaion zaintzera», esan zuen Egañak.
Xabier Lizaso oriotarra piano-jotzaile ezaguna da. Donostian, Sevillan, Londresen eta Varsovian egin zituen ikasketak eta hamazazpi urte daramatza urtero hainbat kontzertu didaktiko eskainiz, gehienbat haur eta gazteei zuzenduak. «Hasi ginen Andoni eta biok hizketan-hizketan eta Andoni segituan konturatu zen Chopin oso nire gustuko konpositorea zela. Halaxe da, beharbada Varsovian bizi izana naizelako eta haren kaleetan ibilia naizelako», esan zuen atzokoan.
Biek arreba zaintzailea
Eta Egañaren txanda: «Egia da, elkar ezagutu genuen egunean hitz-aspertu handi bat egin genuen Xabierren etxeko terrazan, eta halako txispazo batean, konturatu nin-tzen: Aiba, Chopinek badauka Xenpelarrekin zer ikusia, eta asko! Hala ere, txispazoa sortu zen detaile txiki batetik, beharbada hain txikia ez dena: bai Chopinek bai Xenpelarrek, hil aurretik bakoi- tzak bere arreba bat izan zuen ondoan. Chopini arreba bat etorri zitzaion Poloniatik Parisa, eta Xenpelar, berriz, baztangak jota zegoen Errenteriako bere etxean eta haurdun zegoen arreba bat joaten zitzaion bisitan gauzak eramatera--eta. Aitzaki hori hartu dugu izenburua emateko ikuskizunari».
Esan bezala, ikuskizuneko atal batean Egañak Xenpelarren bertso batzuk kantatuko ditu. Jakina denez, bertsolari honek sorta oso ezagunak jarri zituen, hala nola 'Ia guriak egin du?, 'Aizak, hi, mutil mainontzi' eta 'Betroiarenak'.
Egaña nahiko jarduna da beste diziplina batzuetako artistekin elkarlanean. Adibidez, Ander Lipus aktorearekin bi eratako emanaldiak egin ditu; dantzari eta trikitilariekin ere bai ('Upeletan erronka'); bertsopilota. «Azken hamabost edo hogei urteotan izan dugu harremana beste arte-mota batzuekin, bai, eta interesgarria da beti, hasteko jendea ezagutzen duzulako, eta gainera igurtzi horrek beti dakarrelako onura. Kasu honetan, Xabier oriotarra izanik eta ni zarauztarra, ez daukagu hainbesteko adin-tarterik, baina ez genuen elkar ezagutzen».
Egañak sarri kantatzen du plazan orain ere. Urtean ehundik gora saio egin ohi ditu. Lizaso ere maiz ibiltzen da batetik bestera, batez ere eskoletan, saio didaktikoak eskainiz. «Kontserbatoriotik atera gabe jarduten bazara, ez zara kontura-tzen zenbat ate ixten zaizkizun bizitzan. Aldiz, eskolaz eskola lanen hasi nintzenean, beste jende-mota bat ezagutzen hasi nintzen».