Dena prest igande honetan hondakinak atez ate biltzen hasteko Oiartzunen
EGARRIZ
Domingo, 23 de mayo 2010, 04:18
Beraz, Maiatzaren 23tik aurrera, «Oiartzun izango da hondakinen arazoari egiazko irtenbidea ematen hasiko den Gipuzkoako hirugarren herria Usurbil eta Hernaniren atzetik», hala adierazi du Aitor Etxeberria alkateak. «Dena prest dugu herritarrei zerbitzu oso eta erosoa eskaintzeko, birziklatzea erraztu eta gauzak behar bezala egiten asteko alegia».
Atez ateko bilketa «sistema eraginkorra eta erraza» dela ziurtatu du Etxeberriak. «Ohitura aldaketa txiki batekin», Hernanin gau batean Zarautzen 5. edukiontziarekin hilabetean baino materia organiko gehiago biltzea lortu dute. Horretara heltzeko, ezinbestekoa da hondakinak biltzeko zerbitzua hobetzea, eta horixe da hondakinen atez ateko bilketa.
Atez ateko bilketari ekitea, prozesu luze baten emaitza. Udal teknikariek egindako hainbat azterketaren ostean, lehengo azaroaren 5ean aurkeztu zen proiektua publikoki. Orduz geroztik herritarrekin, merkatari nahiz ostalariekin, landa eremuko bizilagunekin, elkarteekin, udal langileekin eta zerbitzu publikoekin hainbat bilera egin dira atez atekoaz informatzeko eta proposamenak jasotzeko. Izan ere, «atez ateko bilketa sistema malgua da eta herritarren beharretara ahalik eta gehien egokitzen saiatu gara. Hirigunean jarri diren zintzilikailuak ere herritarrekin adostuta jarri dira», esan zuen Alkateak..
Herritar orok etxean du atez atekoari buruzko informazio praktiko guztia. Apirilaren amaieran hasi ziren udal teknikariak etxeetako kubo marroiak banatzen eta horrekin batera jaso zuten beharrezko informazio guztia ere. Aste honetan jaso dituzte beren ontziak zerbitzu publiko, merkatari, ostalari eta elkarte gastronomikoek. Beraz, «Oiartzungo herritar eta zerbitzu guztiak atez atekoari ekiteko prest daude». Zerbitzua osoa izan dadin ezinbestekoak dira landa eremuko bizilagunentzako aportazio guneak, herritar ororentzako 24 orduz irekita egongo den larrialdi puntua eta noizean behineko hondakinak uzteko garbigunea.
Etxean konpostatzeko kanpainak emaitza 'bikainak' lortu ditu. Oiartzungo herri izaera kontuan izanik, herritar askok dute beren hondar organikoak beren kabuz kudeatu eta ongarria lortzeko aukera. Udalak Gabonetan hasi zuen autokonposta bultzatzeko kanpaina eta emaitza «oso onak» lortzen ari da. Oraingoz 650 familiak konpostatuko dute beren materia organikoa etxean bertan, eta beste hainbatek, konposta kaxaren beharrik gabe, animaliei emango dizkiete beren hondar organikoak. Ia beste 70 familia daude ikastaroa eta konposta kaxa jasotzeko zain. Datu horien arabera, «Gipuzkoako Foru Aldundiak lau urtean herrian lortutako emaitzak hirukoiztea lortu dugu lau hilabetean, eta orain Oiartzun da Euskal Herriko herririk konpostatzaileena», Udaleko teknikarien esanetan. Pasa den Gabonetan abian jarritako kanpainaren baitan, etxean konpostatzen hasteko izena eman duten herritarrek doako ikastaroa, konposta kaxa eta 7 hilabeteko aholkularitza teknikoa jasoko dituzte. Honez gain, 2011ko hondakinen tasan %20ko hobaria izango dute. Izan ere, udalak ez du etxebizitza horien hondakin organikoak biltzen eta tratatzen gasturik izango. Alkatearen iritziz, «kanpaina honen emaitzek argi uzten dute herritarrak apustuari ekiteko prest daudela, baliabideak eskura jarriz gero». Oiartzun atez ateko bilketari ekiteko «gogoz eta ilusioz» dela adierazi dute udaletik. Hondakinen arazoa denona da eta denon esku dago irtenbidea ere: «denok gara arazoaren zati eta irtenbidearen parte». Birziklapenaren bidea da jarraitu beharrekoa, «horretan ez du inork dudarik egiten». Gaur gaurkoz, atez ateko bilketa da emaitzarik onenak lortzen dituen sistema eta «Oiartzunen dena prest dugu bide horri ekiteko». Norabide hau hartuta, «gure osasuna eta ingurumena zaintzeaz gain, arazo ekonomiko nahiz legalak konponduko ditugu eta erraustegia gosez hilko dugu», adierazi du Aitor Etxeberria alkateak.