Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
Uretara arrimatu dira ibiltari asko, freskotasun bila.

Ospatzeko asko 34. Herri Urratsen

Aurreneko aldiz Ipar Euskal Herrian euskararen atzeraldia geldiarazi dela ere jakin da Senperen egin den ikastolen festan

n. azurmendi

Domingo, 14 de mayo 2017, 15:34

Emmanuel Macron Frantziako presidente berriak igande honetan sare sozialei erreparatzeko astia badu, eta Senperen bildu diren euskaltzaleek Paxkal Indo Seaskako lehendakariari kaso egin badiote, Macron jaunak bere presidentzaren aurreneko eguna bukatu baino lehen jakingo du zer den Herri Urrats, eta zer diren ikastolak. Egunean zehar egindako argazkiak haren kontuetara bidaltzeko eskatu du alegia Indok, luze gabe egingo dizkioten munta handiagoko eskaeren atariko gisara, «ikus dezan Euskal Herriak eta ikastolok badakigula zer diren beraien eraikinen aurrealdean idatzita dituzten 'liberté', 'egalité' eta 'fraternité' hitzak».

Hain zuzen ere, Estatuak «Hezkuntza eta Barne ministerioen bidez ezartzen dituen muga eta zailtasunak» izan dira egun urdin eta argitsuan -beroa tenperaturaren aldetik, eta giroaren aldetik ere bai- nagusitu den eguzkia estali duten hodei bakarrak. Bestela, dena izan da bake, harmonia eta baikortasun, asko baitute ospatzeko 34. edizio honetan Herri Urratsek, Seaskako ikastolek eta euskarak. Parte-hartze handia izan duen festan sekulako pisua izan du aurten musikak; aldarrikapenek ere bai, jakina, gainerako gehienak bildu dituena euskararen ofizialtasunaren aldekoa izan delarik.

Indok gogoratu duenez, urrats bat aurrera egingo du Seaskak datorren ikasturtean dimentsioari dagokionez, besteak beste euskara lanbide heziketara iristea ahalbidetuko duen Baionako Bernat Etxepare lizeoa inauguratzean. Inaugurazioa irailaren 16an egingo da. Hala, unibertsitatera bitarteko azken urteak bertan egingo dituzten 300 inguru ikasleek «baldintza normaletan» ikasi ahal izango dute. Ikasgela, laborategi, jangela, kiroldegi eta gainerakoak berri-berriak izango dituzte, eta barnetegiko gelak ere bai. Azken Herri Urrats jaietan bildutako dirua proiektu horri aurre egin ahal izateko Seaskak bere gain hartu zuen zama finantziero handia arintzera bideratu da, eta aurten bildutakoa ere horretarako izango da.

Maila guztiak kontuan hartuta, datorren ikasturterako aurreikuspenak ezin baikorragoak dira Seaskarentzat. Hain zuzen ere, 3.700 ikasletik gora izango dituzte ikastolek, 200 bat gehiago, eta ikasle berriak zein azken urteetan ikasturtez ikasturte Seaskaren ikasle kopurua handitzen joan diren neska-mutikoak hartu ahal izateko hamar gela gehiago irekiko dira honezkero martxan dauden ikastoletan, ikastola berri bat irekiko da Bokalen (Boucau), handituko da kolegio bat eta egingo da berri bat...

Tamalez, etengabe gora egiten duen ikasle kopuruari arreta eskaintzeko irakasleak hornitu behar dituen Hezkuntza Nazionalak ez dirudi prest Seaskaren beharrak asetzeko. Ikastolek 22 irakasle eskatu dituzte, eta Estatuak 8 eskaini. Indok iradoki du zail ikusten duela negoziazioaren bidez aurrera egitea, eta zabalik utzi du mobilizazioen atea, ikastolen «haserrea» nabarmenduz. Barne Ministerioaren baitakoa den suprefeta ere ikastolei laguntzeko prest dauden udalei presioa egiten ari dela salatu du, publikoak ez diren ikastetxeak babestea debekatzen duen XIX. mendeko Falloux legearen izenean. Zuzenean Parisetik gidatutako bi ministerio horiek dira, beraz, Ipar Euskal Herriko egitura administratibo konplexuan, administrazioaren gainerako mailetan lortzen ari diren akordio zabalen gauzatzea zailtzen ari direnak. Hortik, alegia, Macroni zuzendutako argazki eta mezuak.

Bestalde, laster Euskararen Erakunde Publikoko lehendakaritza utziko duen Mathieu Bergék oraindik erabat landu gabe dagoen Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzen aurrerapentxo bat eskaini du, adieraziz aurreneko aldiz hiztunak galtzeari utzi diola euskarak Ipar Euskal Herrian, «hondoa jo eta gero». Beste berri on bat suspertze horretan zerikusi zuzena duten ikastolentzat, nahiz eta Bergék berak gogoratu duen eskola publikoan ere gero eta tarte zabalagoa ari dela hartzen euskara. Hala ere, ikastolak dira oraingoz murgiltze eredua eskaintzen duten bakarrak, modu esperimentalean eta, hortaz, salbuespen egoeran, ari diren eskola publikoko gelaren batzuk kenduta.

Egunak ere lagundu du. Goiz ibili da jendea, jakinik lehen orduetako aukerak galtzen dituenak urrutiko aparkamentuetara jo beharko duela. Azken edizioetan egin dituzte zenbait trafiko egokitzapen, baina hala ere berandutuz gero ez da erraza zirkuitura iristea.

Saio mamitsua

Ohi denez, ibilbidea ireki eta berehala, Euskal Herri osotik bertaratutako euskaltzaleek bidea zein egitarau zabaleko ekitaldiak hartu dituzten guneak betetzen hasi ahala, lakuaren ondo-ondoan dagoen Ur Hegia izeneko etxe ederreko lehen solairua Ipar eta Hego Euskal Herriko erakunde publikoetako, euskalgintzako, alderdietako eta sindikatuetako ordezkariz bete da, Paxkal Indok gidatu ohi duen irekiera ekitaldian. Egungo ikastola-sarea txiki ari zaio gelditzen Seaskari, eta aretoa ere bai Herri Urratsi, hitza hartzen dutenek betetzen duten mahai luzea barne. Mahai horretan eseri dira hain zuzen Pierre-Marie Nousbaum Senpereko auzapeza; Andres Urrutia euskaltzainburua; Koldo Tellitu Euskal Herriko ikastolak biltzen dituen europar kooperatiko lehendakaria; Sylviane Alaux diputatu sozialista; Mathieu Bergé Euskararen Erakunde Publikoko lehendakaria; Jean-René Etchegaray Baionako alkate eta Euskal Elkargoko lehendakaria; Jean-Jacques Lasserre senatore eta Pirinio Atlantikoetako departamentuko kontseiluko lehendakaria; Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburua eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua.

Euskararen lurralde guztietako administrazioen arteko elkarlana gero eta estuagoa izanik, han zen halaber, mahaitik gertu, Nafarroako Euskarabideako Mikel Arregi. Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaran, Euskara Sustatzeko zuzendari Estibaliz Alkorta eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari Mikel Irizar ere bildu dira ekitaldira, hala nola alderdi eta sindikatuetako zenbait ordezkarik, hautetsi ugari eta euskalgintzako erakundeetako ordezkariak, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao, kasu.

Hego Euskal Herriko ordezkariek adiskidetasun eta elkartasun hitzak izan dituzte batik bat Seaskarekiko eta ikastolekiko, sostengua eskainiz eta euskararen aldeko aldarrikapenenik bat eginez. Eusko Jaurlaritzaren izenean mintzatu den Zupiria sailburuak, esate baterako, azpimarratu du Eusko Jaurlaritza beti izango dela laguntzeko prest euskararen alde egiteko, betiere errespetutik: «Itxaropenez ikusten dugu Iparraldean pausuz pausu gertazen ari dena. Eta gure babesa eta laguntza eskaintzen dizuegu, beti egin dugun bezala, errespetuz zuekin batera euskararen aintzirak ur gehiago izan dezan».

Akordio zabala

Ekainean egingo diren hauteskunde erabakigarrietarako kanpainan murgildurik daudenez, ordezkari politikoren batzuek iragarpen eta horrelakoak isildu behar izan dituzte, ez dezan inork pentsatu kanpaina egiten ari direla. Hala ere, ikusi da, eta iradoki ere bai, euskararekiko atxikimenduak ez duela botorik kentzen, ezta gutxiago ere. Ipar Euskal Herriko ikastolen beharrei erantzun iraunkor eta egiturazkoak ematearen alde azaldu diren hautetsiak, hain zuzen, ez dira ezinbestean alderdi abertzaleetako ordezkariak.

Zentzu horretan, oso argi mintzatu da Sylviane Alaux sozialista. Gogoratu du nola 1794 urteaz geroztik frantsesa izan den Frantzian errepublikaren batasuna bermatzeko giltzetako bat, gainerakoak 'susmagarri' bilakatuz. Espiritu horretatik edaten du hain zuzen ikastolei eta sare publikotik at dauden gainerako eskolei zenbait alorretan laguntzea -esate baterako, eraikinak lagatzea edo inbertsioetarako dirua luzatzea- eragozten duen XIX. mendeko Falloux legea. «Legezko marko bat falta da, finkatuko duena nola lagundu dezaketen erakunde publikoek lege horren kontra egin gabe», esan du. Eskumenak egokituko dituen lege berri baten beharra aldarrikatu du, eta horretarako ezinbestekoa den adorea, kontuan hartuko duena «XXI. mendean Errepublika aberastu dezakeen identitateen eraikuntzaren zati» baitira hizkuntzak. «Tokian tokiko hizkuntzek gaur egun ez dute arriskuan jartzen Errepublika», adierazi du.

Pirinio Atlantikoetako departamentuaren izenean mintzatu den Jean-Jacques Lasserre lehendakariak, kanpainak iragarpenak egitea galerazten diola azaldu ostean, Seaskarekin lortutako lankidetza maila goretsi du, eta esan du administrazioak ez dituela oztopatu behar egiazko arazoei egiazko irtenbideak ematen dizkieten dinamikak. Aitzitik, «soluzioak aurkitu behar ditu, sormen-gaitasuna eta irudimena erabilita». Mathieu Bergék, erakunde guztien parte-hartzearekin osatu zen eta horrela diharduen Euskararen Erakunde Publikoaren izenean, berretsi du handia dela une honetan euskara sustatu beharraren inguruko «adostasun sozial eta politikoa» Euskal Herrian zein hori zati den Akitania Berrian. «Kezka eta susmo historikoak indargabetu egin dira, eta une honetan, ikastoletan nahiz gainerako eskoletan, haurren ia erdiak du harremana, handiagoa edo txikiagoa, euskararekin» gogoratu du. Adostasun horretara bildu gabe jarraitzen dutenak, haren ustez, «ez daude aurka, euren arazoa da ez dutela ulertzen euskaldun poligloten errealitatea, eta ez direla konturatzen XXI. mendean atzerapena dela elebakartasuna». Bergék proposatu du euskararen eremuko erakunde guztiek berenganatzea hizkuntza politikaren alorreko ardurak eta euskararen sostengurako neurriak «zuzenbide komuneko» ildoetan txertatzea. Hala egin da, hain zuzen, Etxepare lizeora bideratu diren laguntza publiko handiekin.

Euskal Elkargoa berria izanik, aurreneko aldiz izan da Herri Urratsen horren lehendakari Jean-René Etchegaray. Euskararen zein gaskoinaren aldeko hizkuntza politikak bere egitekoen barruan hartu dituen erakundea ordezkatu du Baionako alkateak, azpimarratuz hori gertatu dela «udalek horrela erabaki dutelako, adostasun maila oso handi batekin». Gogoratu du nola Elkargoak %25eraino eraman duela EEPn daukan partaidetza, eta azaldu du aurrerantzean ahalegin handiagoa egin beharko dela hezkuntzaz eta euskalduntzeaz haragoko eremuetan, hala nola administrazioaren euskalduntzean. «Gure Estatua administrazioaren aldetik horren konplikatua izanik, batzuetan gauza guztiz ergelak asmatu behar ditugu aurrera egiteko» onartu du, zati zabal batean euskaraz mintzatu den Etchegarayk.

Paxkal Indok, azkenik, esan du asko dutela aurten ospatzeko ikastolek eta euskarak, «festa egiteko arrazoi guztiak» dituela Seaskak, alegia, nahiz eta hor egon «haserre gorria» eragin duen Hezkuntza Ministeriotik irakasle postuen inguruan egindako eskaerari eman dioten erantzuna. «Estatuaren politika linguizida» salatu du, eta esan du Pariseko agintariek ez dutela ulertzen zer ari den gertatzen Euskal Herrian, ezta bertan lortu den euskararen aldeko adostasuna ere. Indok proposatu du, amaitzeko, Euskal Herria izendatzea «hizkuntza berreskuratzeko esperimentazio lurraldea». Horrek ahalbidetuko luke, modu esperimentalean bada ere, murgiltze-eredua eskola guztietara eramatea edota aginte publikoek ikastolen eraikuntzan laguntzea, «euskarak egin ditzan urrats berriak, frantsesaren ondoan».

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Ospatzeko asko 34. Herri Urratsen

Ospatzeko asko 34. Herri Urratsen