Finaleko zortziko handia

Igandean, hilak 17, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala jokatuko da Barakaldoko BECen. Bertan jardungo dira kantuan Euskal Herriko zortzi inprobisatzaile iaio, onena eman eta hitzekin gozarazteko prest

IDOIA DÁVILA UZKUDUN
Sustrai Colina: «Bertso gogoangarriak uzteko gosez eta egarriz nago»BORJA AGUDO
1

Sustrai Colina: «Bertso gogoangarriak uzteko gosez eta egarriz nago»

Bost Bertsolari Txapelketa Nagusitan hartu du parte Sustrai Colinak (Urruña, 1982), eta bostetan iritsi da finalean lehiatzera. Xilaba lehiaketako bi txapel ere irabazi ditu, azkena 2016. urtean, Amets Arzallusen aurka aritu ostean buruz burukoan. Txapelketa ez zuen ondo hasi Colinak Bastidan, «amorratu samarra» baitzegoen. Kartzelako gaia entzutean, ordea, bere burua «behar bezala funtzionatzen hasi zen, libreago». Gainera, doinu berria estreinatu zuen une hartan, Eltzegor taldearen doinu batetik abiatuta. «Motibazio, ohore eta ardura arteko nahasketa» bat da Colinarentzak BECen bertsotan aritzea, plaza itzel bat delako, eta plazer bat delako «kantukide hauekin egun bat eta jai hau konpartitzea». Barruan duen bertsolari hori atera nahiko lukeela dio Colinak, eta badaki finalean kantatzen den bertso on bat gogoratu egiten dela: «Jendeak berekin eramaten du, eta horrelako bertso asko uzteko gosez eta egarriz nago».

Unai Agirre: «Kiniela guztietatik kanpo nengoen, lasai ibili naiz»BORJA AGUDO
2

Unai Agirre: «Kiniela guztietatik kanpo nengoen, lasai ibili naiz»

Aurtengo finalak aurpegi berri bat izango du, Unai Agirrerena (Hernani, 1975), zehazki. Bosgarren aldiz kantatu du Txapelketa Nagusian, baina igande honetakoa du bere lehen finala. Euskal Sagardoa jatorri izendapenean zuzendari lana egiten du eta finaleko zaharrena dugu. Nolabait esateko, beste finalistek baino prestakuntza handiagoa du, final laurdenetan ere kantatu duen bakarra baita Agirre, guztira hiru saiotan aritu da. «Kiniela guztietatik kanpo» zegoela dio hernaniarrak, eta azken saiora, Iruñera, lasai joan zen, baina «lan ona egiteko esperantzarekin». Orain, han lortutakoari esker, BECen kantatuko du txapela irabazteko. Hamar urterekin hasi zen bertsotan, ikastolan, eta Hernaniko bertso eskolako kidea da. Nabaritzen zaio bertan edandako tradizioa; lehengo bertsolarien usaina duela esan izan da, bertsokera herrikoia duela, eta bertatik datorkio. Gainera, «aita Errezilgoa dut eta umetan denbora asko ematen nuen han».

Maialen Lujanbio: «Txapelketa Nagusia taldean bizitzea gauza ederra da»BORJA AGUDO
3

Maialen Lujanbio: «Txapelketa Nagusia taldean bizitzea gauza ederra da»

Maialen Lujanbio (Hernani, 1976) da, Amets Arzallusekin batera, finalerako faborito nagusia. Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu izan duen guztietan iritsi da finalera; 2009an irabazi ere egin zuen, eta 2013an buruz burukoan lehiatzera iritsi zen. Txapelketa Nagusi honetako saioetan estutasunik ez duela pasa dio Lujanbiok, baina bai «nahi bezala ez egotearen sentsazioa»; Irungo saioan despistatu egin zela dio, Maddalen Arzallusekin sei puntutan aritu zenean. Hernani inguruko beste bertsolariekin egin ditu entrenamenduak Lujanbiok: Aitor Mendiluze, Agin Rezola eta Unai Agirrerekin. Izan ere, hernaniarrarentzat «txapelketa taldean bizitzea gauza ederra da». Lujanbioren ustez hau ez da soilik karrera pertsonal bat: «Zentzu orokorragoa du txapelketak, zentzu kolektibo bat».

Aitor Mendiluze: «Lasai egon naiz txapelketan, ondo ikusi dut neure burua»BORJA AGUDO
4

Aitor Mendiluze: «Lasai egon naiz txapelketan, ondo ikusi dut neure burua»

Ibilbide luzea egin du Aitor Mendiluzek (Andoain, 1975) bertsolaritzan; 1995. urteko eta 2007. urteko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak irabazi zituen, eta sei Txapelketa Nagusietan lehiatu da; igandekoa bosgarren finala izango du Mendiluzek. «Durangoko saioan Miren Amurizak sudurretik odol-jarioa izan zuenean denok estutu ginen», baina, orokorrean, txapelketako saio guztietan lasai ibili dela dio andoaindarrak. Ez du, baina, «onerako edo txarrerako», entrenamendu berezirik burutu lehiaketari begira: «erlatibizatu egin dut, esperientziak horretan laguntzen du eta». Bere burua ondo ikusten du finalera begira Mendiluzek. Doinu berri bat ekarri du txapelketara. Bakarkako saioetan bi aldiz erabili du, eta «malenkonia puntu bat du, galtzaile puntua». Beste doinu bat ere badu Mendiluzek, baina ez daki igandean erabiliko ote duen.

Aitor Sarriegi: «Ez naiz gehiegi prestatu, jarrera kontua da gehiago»BORJA AGUDO
5

Aitor Sarriegi: «Ez naiz gehiegi prestatu, jarrera kontua da gehiago»

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irabazi zuen 2011. urtean Aitor Sarriegik (Beasain, 1976), eta igandean bere hirugarren finala kantatuko du Txapelketa Nagusian -honakoa bere seigarren parte-hartzea da-. Lehen plaza 1989. urtean izan zuen, Seguran, eta Lizardi eta Osinalde sariketak ere irabazi izan ditu. Sarriegi teknologiako irakaslea da Urretxuko ikastolan, eta prestaketa lanetan ere ibili da txapelketari begira, Iñaki Apalategirekin: «Baina ez naiz gehiegi prestatu, jarrera kontua baita gehiago». Txapelketako saioen aurretik ez da eroso sentitu Sarriegi, baina oholtzara igotakoan «tenple nahiko onean» ikusi du bere burua. Dena den, Irungo puntu-erantzunetan estualdia pasa zuela onartzen du: «Gaiak ihes egin zidan». Orain arteko saioetako bakarkako gaietan umorera jo duela dio beasaindarrak, halako egokiera zegoelako, «baina horrek ez du esan nahi BECeko finalean ere horrela gertatuko denik».

Igor Elortza: «Buruz burukora iristea lortuko banu, amets bat beteko nuke»BORJA AGUDO
6

Igor Elortza: «Buruz burukora iristea lortuko banu, amets bat beteko nuke»

Igandekoa bere laugarren finala du Igor Elortzak (Durango, 1975). Bizkaiko Bertsolari Txapelketa ere bost aldiz irabazi du, baina pendiente du Txapelketa Nagusiko buruz burukora iristea. 2013an hirugarren geratu zen, eta «inbidia puntutxo hori» geratu zitzaion: «Buruz burukoan bertsotan egitea lortuko banu, amets bat beteta irtengo nintzateke hemendik». Lortzeko moduko helburua dela uste du Elortzak, nahiz eta onartzen duen Lujanbio eta Arzallus direla finalerako faborito nagusiak. Hala ere, «aurten duela lau urte baino berdinduago gaude denak, eta buruz burukorako hainbat konbinaketa egon daitezke». Orain arte ondo ibili omen da, bai Bastidako saioan eta bai Donibane Lohizunekoan ere, azken honetan batez ere, banakakoetan «larri» ibili den arren. Durangarrak besteen bertsoez gozatzeko parada bezala ikusten du finala, eta bertara «konplexu gabe eta hankak lurrean» joango da.

Amets Arzallus: «Euskaldun izateko eguna da, barkamenik eskatu gabe»BORJA AGUDO
7

Amets Arzallus: «Euskaldun izateko eguna da, barkamenik eskatu gabe»

Aurreko urteko Txapelketa Nagusia irabazita, Amets Arzallusek (Hendaia, 1983) ez du kantatu oraindik eta BECen egingo du lehen eta azken saioa: «Nire burua ez dut neurtu oraindik eta galdera ikur bat da niretzat». Lasai dago hala ere, txapelketarako beti bezala prestatu baita. Bakarrik egin ohi ditu entrenamenduak, «batzuetan nire buruarekin adiskidetuta eta beste batzuetan haserre», baina finalean diren beste kideekin ere bildu izan da gutxi batzuetan. «Norbera bere armak eta ideiak ahalik eta zorrotzen edukitzeko eguna da finala», Arzallusen ustez, «hitzek pisu handiagoa hartzen baitute eta oso egun exigentea da». Baina bertsolari baino gehiago euskaldun bezala begiratzen dio finalari: «barkamenik eskatu gabe euskaldun izaten uzten gaituzten egun bakarrenetarikoa da».

Beñat Gaztelumendi: «Daukadan guztia eman nahi dut, baliteke berriz honaino ez iristea»BORJA AGUDO
8

Beñat Gaztelumendi: «Daukadan guztia eman nahi dut, baliteke berriz honaino ez iristea»

Finalista guztien artean gazteena da Beñat Gaztelumendi (Añorga, 1987), baina ibilbide luzea du; igandekoa bere bigarren finala du Bertsolari Txapelketa Nagusian. Gainera, egungo Gipuzkoako txapelduna da, 2015ean irabazi baitzuen bertako neurtzea. 2013an gozatzeko helburuarekin iritsi zen Txapelketa Nagusiko finalera, baina onartzen du oraingoan bestelako erantzukizunarekin doala BECera, bere bigarren finala izanik: «Baliteke honaino berriz ez iristea, eta daukadan guztia eman nahi dut igandean». Orain arteko saioetan, Maule-Lextarre eta Amurrion, lan ona egin duela uste du Añorgakoak, baina hobeto egin dezakeela ere onartzen du. Unai anaia ere txapelketan izan du, finalerako sailkatu ez den arren, eta harekin egin ditu prestakuntzak, etxean bertan. Izatez kazetaria da, baina urte guztian egoten da murgilduta bertsolaritzan, Bertsozale Elkarteko hedapen taldean lan egiten baitu.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos