Bertso finalera joan aurretik jakin beharrekoak

Bertsozaleak, aurreko finalera sartu ziren unean/Arizmendi
Bertsozaleak, aurreko finalera sartu ziren unean / Arizmendi

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finaleko dinamikak ondo ezagutzeko 'gida' txikia argitaratu du Bertsozale elkarteak

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finaleko dinamikak ondo ezagutzen dituzten asko hurbilduko dira igandean Barakaldoko BEC-era, baina seguru aski, egun osoko ekitaldi hartan inoiz izan ez denik ere bertaratuko da. Bigarren hauentzat, eta horrelako ekitaldietara eskuragarri dagoen informazio guztia irakurtzen dutenentzat, 'gida' txikia argitaratu du Bertsozale elkarteak.

  • 1

Ate irekiera. Goizeko 9:00etan zabalduko dituzte Bizkaia Arenako ateak. Sarrera bakoitzak bere kodea du eta, beraz, sarrera berarekin ezingo da pertsona bat baino gehiago sartu; kode berbera duten bi sarrera agertuz gero, lehena bakarrik sartuko da aretora. Antolakuntzako kideek bideratuko dute sarbidea, ahalik eta lasaiena izan dadin. Segurtasun arazoak ekiditeko, aretora ezin izango dira sartu garraiorako karroak, bonbonak, sukaldeak, hozkailuak eta antzerakoak eta ezta kristalezko edukiontziak, latak eta plastikozko botila handiak ere. Aretora sartzeko behar bereziak izanez gero, antolakuntzarekin harremanetan jartzeko eskatu dute.

  • 2

Eserleku libreak. Eserlekuak ez dira zenbakituak. Hala ere, eskatzen dute esertzerakoan kontuan izateko bata bestearen ondoan jarri beharra, tartean eserlekurik libre utzi gabe. Eskaileretan eta pasabideetan ezingo da eseri. Jarlekuetan finaleko aldizkaria jasoko dute bertsozaleek eta bertan aretoaren inguruko informazioa zein kontutan hartu beharreko oinarrizko oharrak agertuko dira.

  • 3

Hasiera. 11:00etan hasiko da saioa. Areto barruan ezingo da erre, jan edota edan. Ahalik eta gutxien mugitzea eskatu dute eta mugitzekotan bertsoaldia amaitutakoan egitea.

  • 4

Bazkalordua. Goizeko saioa amaitutakoan, Bizkaia Arena pabiloia erabat hustuko da: ezingo da aretoan bertan bazkaldu eta antolakuntza ez da galdu daitezkeen objektuen erantzule egingo. Bazkaritarako gunea 6.pabiloian izango da, Bizkaia Arenatik berrogeita hamar metrora. Bazkaritarako txartela dutenek zein bazkaria eramandakoek han izango dute otordua egiteko aukera; horretarako aulkiak eta mahaiak izango dira bertan. Pabiloi honetan bertan zein finala jokatuko den aretoan taberna egongo da.

  • 5

Arratsaldeko saioa eta sari-ematea. 15:30ean zabalduko dira Bizkaia Arenako ateak berriro, eta saioa 16:30ean hasiko da. 20:00ak aldera sari-emate ekitaldiari hasiera emango zaiola aurreikusten da.

  • 6

Informazio gune bat. Informazio gunea atonduko dute Bizkaia Arenako sarreran, zaleek izan ditzaketen zalantzak argitzeko. Lantaldeko kideak izango dira bertan.

  • 7

Garraioa. Finalera joateko autobus zerbitzua prestatu du Bertsozale Elkarteak, Aizpurua Autobusak taldearekin lankidetzan; 2.400 bertsozalek baliatuko dute aukera hori egunotan izena eman eta gero. Gainerako bertsozaleei ere garraio publikoa erabiltzea gomendatzen zaie, esate baterako, metroz edo trenez hurbiltzea BEC-era.

  • 8

Haurtzaindegia. 12 urte bitarteko haurtzaindegi zerbitzua ere eskainiko da aurrez izena eman dutenentzat, 6. pabiloian. Saioak irauten duen bitartean egongo da zabalik.

  • 9

Behar bereziak. Aretora sartzeko, saioa segitzeko edo antolakuntzako autobusetan joateko behar bereziren bat duten pertsonek finala baino lehen antolakuntzarekin jarri behar dute harremanetan txapelketanagusia@bertsozale.eus helbidean.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos