Sarriegik irabazi duen saioan, Agirrerentzat BECeko azken aulkia

Aitor Sarriegi./Alberto Elosegi /XDZ
Aitor Sarriegi. / Alberto Elosegi /XDZ

Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Unai Agirre ariko dira finalean Amets Arzallusekin batera

Azken finalaurrekoak argitu du behin betiko sailkapena, eta hala zehaztu da finalean Amets Arzallusekin batera ariko den zazpikotea: Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Unai Agirre.

Elurra ez da oztopo izan Iruñeko Anaitasuna kiroldegian 2.690 lagun batzeko. 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken finalaurrekoa izaki, jende ugari erakarri du saioak eta bertatik bertara jarraitu ezin izan duenak izan du zuzenean ikusteko eta entzuteko aukera Bertsoa.eus atariaren zein ETB4 katearen bidez, baita beste hainbat hedabide laguntzaileren jarraipenari esker ere.

Zozketak erabakitako hurrenkeran, Miren Amuriza, Aitor Sarriegi, Aitor Mendiluze, Oihana Iguaran, Alaia Martin eta Unai Agirre aritu dira gaur bertsotan, Alaitz Rekondo gai-jartzaileak gidatuta. Zortziko handian eta txikian, puntutan, eta hamarreko txikian aritu dira, kartzelako lanari heldu aurretik: "Ezkutatu egin zara, ikusi ez zaitzaten".

Lan puntuagarriak amaituta, gaurko saioaren sailkapena jakinarazi du Rekondok: Aitor Sarriegik lortu ditu puntu gehien Iruñean, 698,5 puntu; gero, haren atzetik honela geratu da sailkapena: Aitor Mendiluze, 696,5 punturekin; Unai Agirrek lortu ditu 696; Miren Amurizak 652; Alaia Martinek 649,5 lortu ditu; eta Oihana Iguaranek, 646.

Oholtzan zeudenetan sari handiena Unai Agirrek jaso du, hirugarren gelditu arren. Orain hurrena Sarriegirekin puntutan berdinduta finaletik kanpo geratu ondoren, oraingoan BECen izango da.

Bertsozale Elkarteak Iruñeko Udala, Euskarabidea eta Iruñerriko bertso eskola eskertu nahi izan ditu saioa antolatzen emandako laguntzagatik. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatutako Bertsoaroa zikloaren baitan ez ezik, Euskarabideak eta Iruñeko Udalak Euskararen Egunerako prestatu duten egitarauaren barruan dago Iruñeko finalaurrekoa. Egun horren inguruan hainbat ekitaldi prestatu dituzte bi erakundeok eta, besteak beste, saioaren ostean Esne Beltza eta Trikidantz taldeen kontzertua izango da, Iruñeko Antoniutti parkean 23:00etatik aurrera.

Astelehen honetan, 15:00etatik aurrera, igandeko bertsoen hautaketa izango da gozagai ETB1eko Hitzetik Hortzera saioan eta Bertsoa.eus atarian. Gainera, astelehenean, Aulki-Jokoa saioan Edurne Azkaratek Andoni Egañarekin hitz egingo du gaurko saioari buruz.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos